2026 ABU. 15 KOLABORAZIOA Gladys eta dukea Arantza DE OZIO Eguzkiko kidea Testu honen izenburua nobela erromantiko baten izenburua izan liteke. Ez da, ordea. Kontua da, Mandasko dukeak Donostiari Egiako parkea herentzian utzi zion mendeurrenaren aitzakian, hura oroitzeko hainbat ekintza antolatu eta artikulu ugari argitaratu direla. Gehienetan ikuspegi historikoa izan da nagusi, eta, noski, protagonismo handia izan dute dukeak ezarri eta egungo begiradatik oso bitxiak iruditzen zaizkigun baldintzek. Gogora ditzagun horietako batzuk... «Parkea paseatzeko bakarrik erabili behar da. Debekatzen dut, irmoki debekatu ere, parkean nahiz parkeko etxeetan jokatzea. Ez pilota, ez futbola, ezta erruleta nazkagarria ere. Alegia, era guztietako jokoak debekatzen ditut. Dantza ere debekatzen dut. Musika, berriz, baimentzen dut, baina urtean hirutan bakarrik, betiere Udal Bandaren, Banda Militarraren edo Orfeoiaren eskutik. Ez da ametituko ez hamaiketakorik, ez bazkaririk, ez meriendarik. Parkean ezingo da ezer ere saldu, ezta ur freskorik ere». Dukeak parkearen eta bertako eraikinen diseinua aldatzea debekatu zuen, baita zuhaitzak eta zuhaixkak botatzea ere, baldin eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundietako mendi-ingeniarien oniritziarekin ez bazen. Bestela esanda: «Ni hiltzen naizenean, Cristinaenea gaur bezalaxe kontserbatu behar da; jendeak paseatzera sartzeko aukera izango du, eta hori izango da aldaketa bakarra». Bistan da ehun urte geroago baldintza horiek zaharkituta geratu direla. Donostiako Udalak, behintzat, nahieran urratu ditu, salbuespen bakar batekin: izena. Izan ere, parkeari Gladys Enea izena ipintzeko planteatu den bakoitzean, ezer baino lehen ezinezkoa dela argudiatu du, horrek dukearen testamentua urratuko zuelakoan. Ja, horrek bakarrik urratzen du dukearen testamentua, ezta? Glad Is The Day, zuhaitz-igotzaileen txapelketa eta antzeko ekimenek ez. Ez horixe. Portzierto, gogora dezagun nor izan zen Gladys del Estal, askotan gauza gehiegi jakintzat ematen ditugu-eta: Gladys Egiako ekologista bat izan zen, 1979an Tuteran hil zutena; Jose Martinez Salas guardia zibilak tiro bat jo zion buruan, Galdys lurrean eserita zegoela, nuklearizazioaren eta Bardeako Tiro Poligonoaren aurkako mobilizazio baketsu baten errepresioaren testuinguruan. Baina itzul gaitezen mendeurrenera, eta, Glad Is The Day edo zuhaitz-igotzaileen txapelketa aipatu ditugunez, esan dezagun ondo dagoela eta logikoa ere badela efemeridearen aitzakian iraganaz hitz egitea, baina gaizki egingo genukeela baldin eta parkearen orainaz eta geroaz ere hitz egiteko aukera aprobetxatuko ez bagenu. Orainari dagokionez, argi eta garbi esan beharra dago parkearen kudeaketa oso eskasa dela. Ez da baso bat, parke bat baizik. Ados. Baina udal arduradunak ez badira gai ikusteko gaur egun sustatzen dituzten zenbait ekimen parkearen karga-gaitasunaren oso-oso gainetik daudela, bietako bat: edo ez dute sentsibilitaterik edo ez dute ezagutza minimorik. Bata ala bestea izan, edo biak ala biak, ez lituzkete okupatu behar okupatzen dituzten karguak. Dena dela, ekimen handi horietatik harago, bada atentzio arazo bat ere egunerokoan. Adibidez, azkenaldion urtebetetze festa eta antzeko asko egiten dira parkean. Normala da, parke publikoa da-eta. Ez da normala, ordea, dena hondakinez beteta uztea. Zibismo arazo bat? Dudarik gabe. Baina baita zaintza arazo bat ere. Parkean bizi diren hainbat animaliari egin zaizkien erasoetan ere agerian geratu da zaintza arazo hori. Beraz, arestian esan bezala, Donostiako Udalaren partetik parkearen gaineko atentzio arazo bat dago egunerokoan. Laburbilduz: mendeurrenean, historia ondo, baina orainari ere heldu behar zaio, hemendik ehun urtera ere jarrai dezagun disfrutatzen bene-benetako herentzia: parke publiko bat, bere funtsezko ezaugarri naturalak kontserbatuko dituena. Donostiako Udalak nahieran urratu ditu Mandasko dukeak ezarritako baldintzak, salbuespen bakar batekin: izena. Izan ere, parkeari Gladys Enea izena ipintzeko planteatu den bakoitzean, ezer baino lehen ezinezkoa dela argudiatu du, horrek dukearen testamentua urratuko zuelakoan