GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Barne berregituraketa ez da eredu aldaketa


Lakuako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Ertzaintzaren egitura berria aurkeztu zuen atzo, aldaketa nagusiak Inteligentzia Bulego Zentralaren sorrera eta egungo bost dibisioak bitara murriztea direla. Polizia horren eta herritarren arteko hurbiltasuna da berregituraketa horren helburuetako bat, egun dagoen urruntasuna onartuta, beraz. Urruntasun hori herri honetako ziklo berriaren aurreko egoeraren ondorio omen da; nolanahi ere, barne berregituraketa huts batek, noizbehinka kanpaina bat egiteak edo, besterik gabe, hura iragartzeak nekez sortuko du herritarrekiko hurbiltasuna. On litzateke, bide batez, herritarren iritzia jasotzea, orain Ertzaintza nola sumatzen duten eta nola sumatu nahiko luketen jakitea, esate baterako, eta jakina, jarrera aldatzeko prestasuna.

Egituraketa garrantzitsua da, zalantzarik gabe, beti ere eraginkortasun handiagoaren bila. Eraginkortasuna, zertarako, ordea? Lakuako Exekutiboak polizia ereduaren aldaketa iragarri zuen, Iñigo Urkullu bera «garai berriaren araberako eredu» baten alde agertu zen; hala ere, inteligentzia bulego bat eta dibisioak sinplifikatzea -garrantzitsu eta eraginkorrak izanda ere- ez dira polizia eredu berria. Izan ere, berregituraketak garai berriaren araberako ereduaren zerbitzuko tresna izan beharko luke. Herritarrek hurbilago sumatuko luketen eredua.