2013 ABEN. 09 ITSASOA Pipeline Masters 2013: Nork lortuko du munduko titulua? Hasi da urteko txapelketa garrantzitsuena. Jokoan, besteak beste, aurtengo ASP titulua dago. Nor izango da 2013ko txapelduna? Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Iritsi da Pipelineko txapelketa, Triple Crown itzuliko irabazlea nor den eta 2013ko munduko titulua nork irabaziko duen esango digun urteko azken lehiaketa. Aspaldiko partez, lehiaketa puri-purian dago. Batetik, nor izango da Triple Crowneko irabazlea, Michel Bourez edo Ezekiel Lau? Eta bestetik, nork izango da aurtengo munduko titulua eskuratuko duen lehiakidea, Kelly Slater edo Mick Fanning? BOUREZ VS LAU Ezekiel Lau 20 urteko hawaiiarrak irabazi zuen Triple Crown itzuliko bigarren proba. Lehena, Haleiwan egin zen eta Michel Bourez tahitiarrak irabazi zuen; beraz, Lau eta Bourez hiru probako itzulitxoa irabazteko aukera gehien duten bi surflariak dira momentu honetan. Ezekielek emaitza honekin urteari amaiera on bat emateko ASP rankingean postu on bat ere lortu du, 35. postura igo baita, baina gutxigatik bada ere, datorren urtean ez du izango aukerarik lehen mailan (WCT) egoteko. Hala ere, lortu duen emaitzari esker, WCTko azken proban parte hartu ahal izateko gonbidapen wildcarda eskuratu du; beraz, lehen mailako 34 lehiakideekin batera itsasoratuko da Pipelinen. Horrez gain, 40.000 dolar ere eskuratu ditu; beraz, garaipen garrantzitsua izan da gazte hawaiiar honek lortu duena. Txapelketa irabaztearekin batera, Triple Cown itzuliko lehen postuan jarri da Ezekiel, eta hawaiiarra izanda hori sekulako ohorea dela aitortu du: «Urtero ikusten dut txapelketa hau, eta beti pentsatzen dut Triple Crown itzuliko lehen postuan hawaiiar batek egon beharra duela. Hau Hawaii da, hau gure lehiaketa da eta gure bandera ordezkatzeak itzelezko poza ematen dit. Ahal dudan ondoen egiten saiatuko naiz». Aurtengoa, Triple Crown itzulia egiten den 39. aldia da. Ospe handiko zirkuitu laburra da urte amaieran Hawaiiko Oahu irlan egiten dena, baina ez da urtero izaten aurtengoan bezalako ikusminik; izan ere, WCTko zirkuitua puri-purian iritsi da azken txanpara. Triple Crown itzuli laburra eta ikusgarria da, baina berau osatzen duten hiru txapelketetatik arreta gehien erakartzen duena, dudarik gabe, azken lehiaketa da, Pipeline Banzai urautsi arriskutsuan egiten dena. Lehen mailako itzuliko azken proba da eta bertan izaten dira munduko lehiakide onenak. FANNING VS SLATER Batzuetan, azken probara iritsi aurretik munduko titulua jada irabazi du lehiakideren batek urtean zehar lortutako puntuei esker, baina aurten ez da horrela gertatu, eta oraindik mundu mailako txapela nork eramango duen argitzeke dago. Hori gutxi balitz, bi lehiakide beteranoren artean dago lehia, bi dira 2013ko ASP titulua eskuratzeko aukera duten surflariak; hain zuzen ere, ranking orokorrean lehen bi postuetan dauden bi kideak, Mick Fanning eta Kelly Slater. Mick Fanning australiarra da eta 32 urte ditu. Bi bider eskuratu du Fanningek munduko ASP titulua. 2007. eta 2009. urteetan, hain zuzen ere. Slater berriz, Floridakoa (AEB) da, 41 urte ditu eta hamaika bider izan da munduko txapelduna. Bi lehiakide beteranoren artean dago, hortaz, aurtengoan txapela eskuratzeko lehia. Bi surflarien artean aukera gehien dituena Fanning da. Izan ere, egun, lehen postuan da australiarra, 53.100 punturekin. Bere atzetik, bigarren postuan, Slater, 45.900 punturekin. Kontuan izan behar da WCT kategoriako txapelketa batean lehen postua eskuratzen duen lehiakideak 10.000 puntu jasotzen dituela. Bigarren postua lortzen duenak 8.000 puntu eskuratzen ditu eta hirugarren postuan amaitzen duen lehiakideak, berriz, 6.500 puntu batzen ditu. Slaterrek Pipelineko txapelketa irabazi beharko luke munduko tituluaren jabe izateko, baina kasu horretan ere ez luke txapela ziurtatuta izango, zeren Fanning bigarren edo hirugarren postuan geratuko balitz, australiarrarentzat izango litzateke garaipena. Bi lehiakide hauen artean Pipelinen esperientzia handiena duena Slater da, dudarik gabe. Fanningek ez du inoiz Pipelineko txapela irabazi eta lortu izan dituen emaitzak ere nahiko kaskarrak izan dira orokorrean. Slaterrek, aldiz, jada sei bider irabazi du itzuliko azken proba famatua; lehena, 1992. urtean eta, azkena, 2008. urtean. Aurtengoa irabazten badu, 12. aldiz munduko titulua eskuratzeko aukera izango du floridarrak. TOP 34 Slater edo Fanning ez balitz finalera edo finalerdietara iritsiko aukera gehien-gehien dituen lehiakidea Fanning litzateke, hirugarren postutik behera lortzen den puntu kopurua askoz ere txikiagoa baita, baina kontuan izan behar da, bi hauek ez direla txapelketan parte hartzen duten lehiakide bakarrak. WCT itzuliko gainontzeko 32 lehiakideei dagokienez, ez dago Pipelineko txapelketa irabaziz gero ere aurtengo munduko titulua eskuratu dezakeen surflaririk. Beraz, gainerako lehiakideen artean bi multzo daude; batetik, datorren urtean goi mailan egoteko jada behar adina puntu bildu dituztenak eta, bigarrenik, oraindik 2014. urterako lehen 34 postuetako bat ziurtatu ez dutenak. Lehenek lasaitasun apur bat izan dezakete, baina bigarren multzoko lehiakideek ahal duten guztia egin beharko dute bigarren mailara (WQS) ez jaisteko. Bost dira Pipelineko txapelketan lortzen duten emaitzaren arabera datorren urtean Top 34an egoteko aukera gal edo irabaz dezaketen lehiakideak: Miguell Pupo brasildarra, Patrick Gudauskas eta Damien Hobgood estatubatuarrak, Dusty Payne hawaiiarra eta Yadin Nicol australiarra. Migeul Pupo, egun, 24. postuan dago WCT rankingean eta gutxienez 13. postua eskuratu beharko luke Pipelinen datorren urtean ere lehenengo mailan egoteko. Patrick Gudauskas 27. postuan dago WCT rankingean eta gutxienez final-laurdenetara iritsi beharko du WCT rankingeko lehen 22 postuetako bat eskuratu nahi badu, soilik horrela izango baitu aukera erreal bat Top 34an sartzeko. Damien Hobgood, berriz, surflari beteranoa da eta 28. postuan dago egun. Floridakoak bosgarren postua eskuratu beharko du lehen mailan jarraitzeko. Bestela, badu beste aukerarik ere; bederatzigarren postuan geratzen bada, ASPko ranking orokorrean, bildutako puntuei esker lehen mailara igotzeko aukera izan dezake. Alegia, oraindik goi mailara igo ez diren lehiakideen rankingean ere puntuak bildu ditu eta horri esker lor dezake Top 34an sartzea. Yadin Nicolek ez dauka lan batere erraza. Egun, 32. postuan dago WCT zirkuituko rankingean, baina Pipelineko txapelketa irabazi edo bigarren postua eskuratuko balu, Top 34an jarraitzeko aukera izango luke. Bitartean prest daude lehiakideak eta prest daude ere Andy Ironsen omenez Pipelinen datozen egunetan egingo duten txapelketako antolatzaileak. Itsaski iragarpenak ere itxura ona du, horrela zioen behintzat txapelketako arduradunetako batek: «Datozen egunetan ipar-mendebaldeko itsaski jostaria izango da eta asteburura begira puzten joango da. Horrenbestez, hurrengo astean itsaski ikusgarria izan daiteke». Lehiakideek jokoan dutena eta Pipelineko olatuen izaera kontuan izanda, antolatzaileek dioten itsaski eder hori sartzen bada, sekulako txapelketa izango da. Ikuskizuna ziurtatuta dago, ea olatuek zer egiten duten. Esperientzia. Pipelinen esperientzia handiena duena Slater da, dudarik gabe; izan ere, Fanningek ez du inoiz Pipelineko txapela irabazi eta bertan lortu izan dituen emaitzak ere orokorrean nahiko kaskarrak izan direla esan daiteke. Slaterrek, berriz, jada sei bider irabazi du.