2013 ABEN. 09 Surflari ernegatua Sator bat Surflari Ernegatua Ez dakit zer demontre egiten dudan hemen. Gorputza ahul, eskuak dar-dar, tripak sutan eta begiak erre beharrean. Agian, orain ordubete erretiratu ez banintz, lo apur bat egin banu, edo hainbeste garagardo irentsi ez banu, hobeto egongo nintzateke, baina ekainean argitaratu genuen liburu bat erostera datorrenari nire kresal zigilua jostearen erronkari aurre egiteko modu egoki bat izan daiteke. Horrela, kontzientziarik gabe, dena errazago bilakatzen da. Kresalik gabeko leku hauek itotzen naute, ez dira egiazkoak. Ez nago dagokidan lekuan. Idazle, pentsalari eta kultura munduko jendea urrun ikusten dut, ez dut inolaz ere nire burua multzo horretan ikusten. Ez dut ulertzen nolatan iritsi garen, idazleak tabernari soilak baino gehiago baloratzera. Benetan meritu handiago du idazleak? Gaur liburu egileen aldean egotea badagokit ere, mesedez, irakurle maiteak, ez tronpatu, sator bat naiz haien artean. Hilean behin egiten dugun afarian ikusten dut. Pelik paperezko mahai zapian komikiak egiten ditu inguruan suertatzen ari denarekin. Benik poemak egiten ditu jaten ari den entsaladako tipula zatiekin eta Trubiok, lortzen ez badu ere, leihotik sar daitekeen argi izpiari ere etekin ateratzen saiatzen da bere argazki bilduma sekreturako. Beraz, nire lagunak imajina ditzaket, haiek egindako lanen azaletan sinadura traketsak egiten, baina zer egiten du surflari ernegatu batek gaupasa eginda Durangoko azokako stand batean? Egun euskal munduan nagusi den botere burokratikoak pentsamenduak, hitzak eta ekintzak elkartzeko aukera oro ezabatzen du. Naturala behar lukeena, alegia gure hizkuntza, negozio bilakatzen den unetik, euskal jendarteak osa dezakeen komunitatearen garapena zikiratzen duela uste dut, hizkuntza bera, komunikatzeko bitarteko baino, helburu bilakatzen baita. Horrela, ekintzak lantokian geratzen dira, hitzak bileretan eta pentsamenduak lo egiteko buru azpian jartzen dugun bururdi bigunean. Zer egiten du pentsatzen duena esaten duen eta esaten duena egiten duen tipo batek halako azoka batean?