2013 ABEN. 22 Aizkora Desafio mistoa Txikonek, ezin bikotearen aurka Juan Telletxeak eta Santi San Miguelek ia bi minutuko tartearekin menderatu zuten bizkaitarra. Gakoa, korrikako proban egon zen. Jon LEUNDA Juan Telletxeak eta Santi San Miguelek irabazi zuten atzo Doneztebeko pilotalekuan Alex Txikonen aurka jokatutako desafioa. Bizkaitarrak zortzi kana-erdiko ebaki eta ondoren zortzi kilometro egin behar zituen korrikan, eta bikotean Telletxeak zortzi kana-erdiko ebaki eta San Miguelek bederatzi kilometro korrikan. Hasiera batean honek ere zortzi kilometro egin behar zituen, baina azken orduko bilera baten ostean, bikoteko korrikalariak aurrez erabakita zegoena baino mila metro gehiago egitea erabaki zuten. Jendeak ikaragarrizko erantzuna eman zuen, 600 ikusle inguruk bete egin baitzituzten pilotalekuko harmailak. Garbi zegoen Txikonek abantaila handia zeukala emana, eta hori nabarmendu zen, nahiz eta aizkoran aurretik amaitu zuen. Telletxea aizkoran ongi hasi zen, Txikonen aurretik, eta horrelaxe aritu zen hirugarren enborrera bitarte. Orduan, ordea, bizkaitarrak buelta eman zion, eta gain hartu zion, eta horrelaxe joan zen amaierara arte. Txikonek aizkorako lanak, 26 minutuan amaitu zituen, eta Telletxeak, berriz, 50 segundo gehiago behar izan zituen. Korrikan hasten lehena Txikon izan zen, eta pilotalekuan prestatuta zuten lekuari 80 itzuli eman behar zizkion. San Miguelek, berriz, hamar gehiago, 90. Txikon aurretik lana eginda zetorren, eta hori nabaritu zuen. San Miguel berez korrikalaria da, eta fresko ekin zion lanari, eta hori berehala nabaritu zen. Txikonek bi kilometro egin zituenerako, ia 500 metroko tartea murriztu zuen, abantailaren erdia janez. Aldeari buelta ematea, berriz, laugarren kilometroan lortu zuen. Hortik aurrera Santi San Miguel erritmo lasaiagoan aritu zen, neurketa kontrolatuz, eta Alex Txikonek bereari eutsi egin zion. Amaieran ia bi minutuko tartea lortu zuen bikoteak. Azken itzulian, gainera, Telletxea ere plazara atera zen, San Miguelekin batera zaleen txaloak jasotzeko. San Miguelek korrikako lana 33 minutu eta 52 segundoan burutu zuen, eta Alex Txikonek, berriz, 35 minutu eta segundo batean. Denera, Juan Telletxeak eta Santi San Miguelek 59 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko, eta Alex Txikonek, berriz, ordu bat eta minutu bat bereak egiteko. Enborrez enbor, Juan Telletxearen aizkorako denborak honako hauek izan ziren: 2.20, 5.07, 8.32, 11.52, 15.33, 19.28, 23.18 eta 26.50. Txikonenak, berriz, honako hauek izan ziren: 2.28, 5.22, 8.20, 11.25, 15.10, 18.45, 22.38 eta 26.00. Korrikan, berriz, kilometroko hiru minutu eta erdian ibili zen Santi San Miguel, eta lau minuturen bueltan, batzuetan segundo batzuk goitik beste batzuetan behetik Alex Txikon bizkaitarra. Txikon: «Dudan guztia eman dut, baina irabazteko ez da nahikoa izan» Galdu arren, Alex Txikon ez zegoen haserre. «Dudan guztia eman dut, baina irabazteko ez da nahikoa izan. Aizkoran ongi aritu naiz, eta ia minutua atera diot, baina korrikan San Miguelek asko egiten du», esan zuen. Gero, desafio pare bat ere airean utzi zituen. «Esan diot Juani, hemendik urte batera hemen bertan Kastrok eta nik aizkoran berari eta beste bati, Oihan Larretxeari edo Erasuni jokatuko diegula. Gero, udaberrian mendira joaterako lau akziotara jokatu nahiko nuke beste apusturen bat». «Aizkoran ongi hasi naiz, baina gero bete egin nahiz, eta aldetxoa kendu dit. Hala ere, San Miguelek ikaragarri egiten du korrikan, eta bagenekien irabazteko asko geneukala. Lau urte eman ditut plazetan aizkoran aritu gabe, baina oso sentsazio onak izan ditut», esan zuen Juan Telletxeak. J.L. Jendetza, Jendeak izugarrizko erantzuna eman zuen, izan ere, 600 ikusle inguruk Doneztebeko pilotalekuko harmailak leporaino bete zituzten, eta gainera, saio osoan kirolariak animatuz aritu ziren.