GARA Euskal Herriko egunkaria
Tras la declaración de EPPK

Albistea mundura zabaldu dute hiru agentzia nagusiek


Hedapen oso zabala izan du Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren mezuak, mundu osora heldu baita hiru berri agentzia nagusien bitartez. Ameriketako Estatu Batuetako Asociated Press (AP), Erresuma Batuko Reuters eta Estatu frantseseko France Presse (AFP) izan dira albistea zabaldu dutenak, Madrilgo Efe agentziarekin batera, noski (munduko bosgarren agentzia da espainiarra).

Espainiako hedabideetan oihartzun handia izan zuen albisteak, NAIZ eta Berria.info atariek larunbateko 16.00etan zabaldu bezain laster. Eguneko albiste bilakatu zen komunikabide digital, irrati eta telebista kate ezberdinetan. «El País'' egunkariaren foroan, esaterako, 2.000 iritzitik gora eragin zituen ordu apur batzuetan.

EPPKren mezuaren edukia zintzo jaso zuten albiste agentziek, lerroburu ezberdinak aukeratuz. Reuters agentziarentzat ideia garrantzitsuena legediaren bidea jorratzeko euskal presoek erakutsitako prestutasuna izan zen, inplizituki ezarritako zigorrak aintzat hartzea esan nahi baitu. EPPK-k ia 600 lagun hartzen dituela baitan azaldu zuen Reutersek, eta dozenaka batzuk Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina bertan behera utzi ostean askatu behar izan zituztela ekarri zuen gogora.

AFPk ere legezko bideen inguruko hausnarketak eta erabakiak nabarmendu zituen. Beste ezer baino lehenago, presoek Euskal Herriko kartzeletan izatea eskatzen dutela azaldu zuen Parisko agentziak. ETAren azken ekintzak 2009ko abuztuan gertatu zirela ere aipatu zuen, duela lau urte baino gehiago, beraz. Eta EPPK-k «gatazka» hitza erabiltzen duela erantsi zuen, oraindik ere Paris eta Madrilgo gobernuentzat «anatema» dela zehaztuz.

Eragindako minaren aitortzari erreparatu zioten beste hedabide batzuek, Euronews telebista kateak, esaterako. Horixe izan zen Madrilgo agentzia garrantzitsuenek aukeratutako ildo nagusia ere, hau da, Efe eta Europa Pressek. Agentzien teletipoak oinarri hartuta, albisteak mundu osoko hedabide ugaritan tokia izan zuen atzokoan: ``The Chicago Tribune'', ``Deutsche Welle'', Channel Asia News...

Albistearen aurretik, abenduaren 26an, Euskal Herrian sortutako agertoki berriari buruzko erreportajea zabaldu zuen BBCk. Bertan, bi aldeetako biktimek hartu zuten hitza. Egun batzuk lehenago, Europak 197/2006 doktrinaren inguruan hartutako erabakiaren osteko presoen kaleratzeek Rajoyren Gobernuari kalte egin diotela aipatu zuen ``The Wall Street Journal'' AEBetako egunkariak. Bere tesiaren arabera, auzi honek eta beste hainbatek Rajoyren gaineko eskuin muturraren presioa indartu dute, eta, hala, horri aurre egin nahian eman dio azkenik oniritzia Abortuaren Legea aldatzeko ekimen polemikoari PPko presidenteak.