GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Kurutxarik azken txanpan erabaki zuen


KURUTXARI 40

LAZKANO 29

Kurutxarik ere aurreikuspenak bete zituen Lazkanori irabazita, eta hurrengo kanporaketan izango da. Larunbatean Intxausperen aurka jokatu beharko du Mauleko Glaria trinketean.

Andde Kurutxari eta Bixente Lazkano bi beterano dira. Txapelketa asko jokatu dituzte jadanik, baina atzo oso norgehiagoka kaskarra eskaini zuten, eta lehen jardunaldi honetan jokatu diren hiru kanporaketetatik kaskarrena izan zen dudarik gabe, nahiz eta emozioa izan zuen azken txanpara arte.

Bi pilotariak oso urduri kantxaratu ziren, eta hutsak bata bestearen atzetik egin zituzten. Dirua nabarmen atera zen Kurutxariren alde, baina une batzuetan Lazkanoren alde jartzeko zorian ere egon zen.

Partidako zatirik handiena oso berdintsua izan zen, markagailuan berdinketa ugarirekin, eta hutsak ere tartekatuz. Batzuetan bat aurretik, besteetan bestea, ez zen ezer garbirik ikusten, eta horrelaxe iritsi ziren 28-28ko berdinketara. Hamabi kintze geratzen zitzaizkion bakoitzari, eta edozer gerta zitekeen, ez baitzen bietako inor bestearen gainetik jartzen, eta hutsak egiten ere parean zebiltzan bi pilotariak.

Bolada ona

Azken txanpa honetan jokatu zuen ongien Andde Kurutxarik. 8-0ko partziala sartu zuen, eta 36-28 jarri zen aurretik. Partida bukatzear utzi zuen, eta hori Lazkanok asko nabaritu zuen. Lehendik huts dezente egin baldin bazituen, emaitza honekin ez zuen jokatzen asmatu.