GARA Euskal Herriko egunkaria
TXOKOTIK

Ez dadila berriro ere betikoa izan


Ea bada. 2014rako zer? Promesen errosarioa atzetik. Hasteko eta behin, ahoa ixtea. Gozo gehiegi jan ote dugun eta behin errege eguna igarota, porru-patata eta ziazerbekin buru-belarri jarriko garela. Erretzeari uztearen mitoa; urte berriarekin utziko diot kea irentsi eta botatzeari. Kiroldegiko abonua ere aprobetxatzea. Urteko kuota osorik ordaindu eta iaz birritan soilik joan bagara, aurten ondo amortizatuko dugula. Gimnasioan, igerilekuan... orduak eta orduak igaro behar ditugu, antza.

Bueno ba. Urteak zortzigarrena du gaur. Astebete igaro da Urtezaharreko kanpaikadak entzun, mahatsa jan eta 2014ak atea jo zigunetik. Oporraldi egunak askorentzat eta aitzakia bikaina urte hasierako promesa horiei atzeraldia emateko. Erregeen ondoren, erregeen ondoren...

Hitzemate bat baino gehiago eginak izango zituzten Barakaldon eta Tuteran, urte berriari esku zabal ongietorria egin ziotenean. Planak erabat aldatu zaizkie batzuei behintzat eta, akaso, errazagoa zaie esandako hitzak irenstea `Niño'ak, haurrak edo dena dela deitzen zaionak -loteriak, azken batean- ustekabean hartu dituenei. Zorioneko ustekabea beraientzat.

Ez da xanpainik edaten gurean. Cava asko jota. Amari ezkon eraztuna eskatu eta kopan bota nuen ardoaren kondar gainera. Cava isuri eta gora egin zuen eraztunak, burbuila arteko dantzan. Kulero gorriak janztea ahaztu eta malefizioa izango ote nuen pentsatzen hasia nintzen. Kanpaikadak, mahatsa, familiarteko deiak... Betikoa. Beste urte bat. Aurpegi berberez, hizketaldi berberez eta egoera berberez betetako beste urte bat. Kalean suziriak, koloretako etxafuegoak, bolbora usaina eta zentzu gehiegirik hartzen ez diodan ospakizun antzua.

Promesak egitea ahaztu eta hurrengo eguna iritsita, alferrikakoa etorkizunean zer egin pentsatzen hastea. Nekeza datorrenari begira jartzea, U-11n tanta izatea beharrezkoa izango dela gogoan daramagun artean. Promesak eta erromesaldiak Bilbora. Baina estreinatu berri dugun urtea ez dadila izan aurrekoaren berbera, ez eta aurrekoarena, eta aurrekoarena... Eta, batez ere, ez dadila dena betikoa izan. [@arianekamio]