2014 URT. 30 Txekiako Gobernuaren programak hazkunde ekonomikoan du oinarri GARA PRAGA Hazkunde ekonomikoa, enplegua eta aurreko eskuineko gobernuak ezarritako murrizketak mugatzea izango dira Txekiar Errepublikako gobernu berriaren helburu nagusiak. Milos Zeman presidenteak Bohuslav Sobotka lehen ministro izendatu zuen atzo. Zemanek -Sobotkaren etsai politikoa- ez zuen aukera galdu kritikak jaurtitzeko. «Sei akats orrialde eta erdiko agiri batean (gobernu berriaren izenak jasotzen zituena) nahikoa da. Ez du erakusten gobernuan ikusi nahiko genukeen profesionaltasuna», adierazi zuen. CSSD alderdi sozialdemokratak, ANO populistak eta KDU-CSL kristau-demokratak osatzen duten gobernu berriak krisi politiko luzeari amaiera jarri dio, ekainean eskuineko gobernuak konfiantza mozioa galdu zuenetik behin-behineko gobernua izan delako. Helburuak lortzeko zergak igotzeko asmoa du, aldi berean defizita igo gabe.