GARA Euskal Herriko egunkaria
TXOKOTIK

Gutun irekia Euskaltzaindiari


Aitortu behar dut ez dudala jakintza sakonik erakundearen sorrera, ibilbide, organigrama, funtzionamendu eta gainerakoez. Ezagutza oso-oso azalekoa dudala ez esateagatik. Izatez, zuen webgunera jo behar izan dut sei lan-batzorde eraturik dituzuela eta bost urte barru mendeurrena ospatuko duzuela jakiteko.

Aitortu behar dut trufarik egin izan dizuedala noiz edo noiz. Behar baino gehiagotan. Bazkaltzaindia gora eta Bazkaltzaindia behera, badakizue. Txiste erraza da, ezaguna.

Aitortu behar dut joan den abendu hasieran etxe barruan lehertu zitzaizuen kalapita haren kontura barre gaiztorik ere egin nuela, nahiz eta piperrik ere ez ulertu zertara zetorren dimisio-sorta eta adierazpen-jario hura.

Aitortu behar dut egun batean, bai eta hurrengoan ere, haserretzen naizela zuekin. Sutan jartzeraino askotan. Jakin badakizue arrazoia: gaur «batik bat», bihar «batipat», etzi «batik bat», etzidamu «batipat»... eta hurrengo astean, ez bata ez bestea. Gutxi izango dira barrabilak eta obarioak ukitzeko zuek duzuen tamainako abildadea daukatenak.

Aitortu behar dut urrun samarretik begiratu izan zaituztedala beti, baina gaur laguntza eske natorkizue. Gauzak estutzen direnean zerura begira jarri eta errezoan hasten den ateoaren modura: kasu egingo dioten batere segurtasunik gabe, baina badaezpada ere... Iruditzen zait egoera jakin honek zuen esku-hartzea merezi duela. Eta batzuek eta besteek esandakoak entzunda, batzuek eta besteek idatzitakoak irakurrita, esango nuke premiazkoa dela norbaitek ordena jartzea. Hain zaila ere ez da irtenbidea, gainera.

Hobets ezazue «basko» adjektiboa. Ez da garbia izango baina, ondo begiratuta, gehiago du onuratik kaltetik baino: eztabaida bat gutxiago, tabernan erronda bat ordaintzearren ia mutur-joka hasten garen herri santu honetan.

Bide batez, mesede galanta egingo zeniokete bere burua adjektibatzeko lanak jarri dizkioten honi beroni. Gaur «euskal» kazetaria bainaiz, baina bi aste barru, hementxe bertan, akaso ez. Erotzekoa da. Kazetari baskoa, eta kito.