2014 MAR. 20 Binakako Txapelketa Berasaluze: «Finalak asko izan dira guretzat aurten» Txapelketa osoan kinka larrian egon ondoren, bihar ere irabazi beharra dute Asegarcekoek Donostian. Asier AIESTARAN Berasaluze-Albisu eta Xala-Zubieta bikoteek atzo aukeratu zituzten Donostiako Atano pilotalekuan bihar gauean erabiliko dituzten pilotak. Neurketa erabakigarria da lehenengoentzat, galduz gero finalerdietan egoteko aukerarik gabe geratuko baitira; aurkarientzat, aldiz, hitzordu lasaia da, jadanik hurrengo faserako sailkatuta baitaude. Normala den legez, irabazi behar horrez galdetu zitzaien Pablitori eta Jon Anderri, finala izan gabe ere finaltzat hartu daitekeen dema horretaz. Eta beraiek ere ez zuten ezkutatu norgehiagokaren garrantzia, nahiz eta jadanik horrelakoak jokatzera nahikoa ohituta egon. «Finalak asko izan dira guretzat txapelketa honetan. Eta hau ere hala izango da», izan zen Berrizko aurrelariaren erantzuna, ahotsean jada neke puntu bat sumatzen zitzaiola eta aurtengo txapelketa beretzat bereziki gogorra suertatzen ari dela onartuz. «Azkeneko hiru partidak antzekoak izan dira, irabazi beharrekoak. Batzuetan kale egin dugu eta ostiralean jada ez dago aukerarik, ezin da kale egin», gaineratu zuen Ataungo atzelariak ere norabide berean. Zentzu horretan, kuriosoa da Albisuren kasua, horren gaztea izanik antzeko egoeretan jada zailduta baitago. 2011n Patxi Ruiz ordezkatzea egokitu zitzaion ligaxkako azken jardunaldian, Oinatz Bengoetxearekin Xala-Barriolaren aurka neurtuz. Sailkatzeko hamar tanto egitea nahikoa zituzten, eta azkenean zortzian geratu ziren -«esperientzia txarra izan zen hura», gogoratu zuen atzo-. Eta hurrengo bi txapelketetan, Pablitorekin batera, azken jardunaldira bitartean borroka betean ibili behar izan zuen finalerdietara sailkatu ahal izateko. Bietan lortu zuen, 2012an azken deman Irujo eta Barriolari irabazita, eta, iaz, aurreneko lau partidak galdu ostean finaleraino iritsiz. «Hobetzen ari gara, oraindik asko daukat ikasteko, baina egoera horiek bizitzea txarra ere ez da, hortxe lehian zaudela esan nahi duelako», ondorioztatzen zuen egoeraz ataundarrak. Egun eta lekurik aproposena Kasu honetan, ordea, Atanoko «finalak» bigarren zati bat izango du, bihar irabazita ere Berasaluzek eta Albisuk beharrezkoa baitute larunbatean Titinek eta Merinok galtzea. Edonola ere, Asegarcekoek nahiago dute beren lanari erreparatu, besteengan gehiegi pentsatu gabe. «Guk gurea egin behar dugu», eskatzen zuen Pablitok. «Lasai aterako gara partida on bat egitera eta ea irabaztea lortzen dugun», gehitu zuen Jon Anderrek, ostiralean jokatzea kasik onena dela iritzita: «Besteek jokatu eta gero zuk irabazi beharra izanda presio gehixeago izaten duzu». Pilotalekuaz ere hitz onak izan zituzten biek, aurrelariak oroitzapen politak dituelako -«pare bat aldiz irabazi izan dut Donostiako Torneoa, Rubenekin (Beloki) ere jokatu nuen final bat...»-, eta atzelariarentzat etxean jokatzea bezalakoa izango delako: «Ematen du jendea animatuta dagoela. Gipuzkoarra izanda nik uste jendea etorriko dela, eta ea beraien laguntzaz helburua lortzen dugun». Piloten inguruan ere aitzakiarik ez, nahiz eta bitxikeria modura aipatu beharra dagoen Xalak eta Zubietak aukeratutako hiru pilotetik bi Asegarcek, beste enpresak, ipinitakoak zirela. «Gureak bote gehixeagokoak dira eta beraienak baxuxeagoak, baina denak politak», juzgatu zuen Berasaluzek materialaz galdetu zitzaionean. Neurketa «konpletoena» errepikatzera Beste patxada batekin iritsiko dira Xala eta Zubieta bihar Atano III.a pilotalekura. Sailkapena poltsikoan dutela, eta jada finalerdiei begira, ahalik eta neurketarik borobilena egiten saiatuko dira hurrengo ligaxkari moralez lepo ekiteko. Izan ere, atzo Aitor Zubietak berak onartu zuenez, txapelketako norgehiagokarik «konpletoena» egin zuten aurreko asteburuan Irujo eta Barriolaren aurka. «Finalerdietan egotea sinatzekoa da bikote guztientzat, eta sentsazioak azken aste hauetan onak izan dira. Azkenean garaipenek ematen dizute hori, ongi egoteak eta 22ra iristeak. Eta eta ea aste honetan berriz ere berdina egiten dugun». Biharkoaz galdetuta, Etxarri Aranazko atzelariak argi utzi zuen ahalik eta mailarik onena ematen saiatuko direla, ez direla erlaxatuta irtengo frontoira. «Hemen behar dena da partidura ongi etorri, datorren astean finalerdiak hasten dira, sailkatuta gaude, baina aste honetan partida on bat eginez gero eta 22ra iritsiz gero askoz hobeto iritsiko gara moralki. Ahal dugun dena egingo dugu», aldarrikatu zuen, eta beste enpresako bi pilota hautatu izanari ere garrantzia kendu zion. A.A. JULEN RETEGI. Goizeko aukeraketan, Labriten, arreta gune nagusia Julen Retegi izan zen, Irujoren ordezkoa Ezkurdia eta Zabaletaren kontrako neurketan. Aipatu zuenez, larunbatean jokatzeko deia ilusioz zein harriduraz jaso zuen. «Hasieran Jakaren ordez jokatuko nuela esan zidaten, eta arratsaldean Irujorena esateko deia jaso nuen. Niretzat aukera oso polita da eta aprobetxatzen saiatuko naiz», adierazi zuen.