GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Izeta IV.ak eta Irigoienek urriaren 4an neurtuko dituzte indarrak


Aimar Irigoien eta Hodei Iruretagiena, Izeta IV.a, urriaren 4an neurtuko dira, 18.00etan. Lekua zehazteko dago, baina Aia, Tolosa edota Azpeitia dira lehia hartzeko aukerarik gehien dituzten lekuak.

Azpeitian batu ziren larunbat gauean, eta ados jartzea asko kostatu zitzaien, baina azkenean heldu ziren akordio batera. Irigoienek 14,5 kiloko abantaila emango dio zarauztarrari.

Horrela, errezildarrak 152 kiloko harri kubikoa erabili beharko du, eta Izeta IV.ak, aldiz, 137,5 kilokoa. Bakoitzak hamar minutuko hiru txanda izango ditu lanerako, eta alde bakoitzak 8.000 euro jarriko ditu jokoan. Hori bai, irabazten duenak, dopinaren aurkako kontrolaren emaitzak iritsi arte ez du dirurik jaso ahal izango, hori ere baldintzen artean baitago.

«Apustua egitea dezente kostatu zaigu, baina azkenean lotu gara. Une batez mahaitik altxa eta alde ere egin dugu, baina gero pentsatzen jarri, eta ikusirik aldeak ez zirela horrenbestekoak, ados jarri eta egin dugu. Hau gauza serioa da, honek prestakuntza handia eskatzen du, eta hemendik aurrera izango dugu lanik», esan zuen Izeta IV.ak Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan.

«Errazena egin dugu. Hemendik aurrera prestakuntzari heldu beharko diogu, hau lan handia baita. Asko kosta zaigu apustua egiteko adostasun batera iristea, baina biok egin nahi genuen apustua, eta egin dugu», esan zuen Aimar Irigoienek.

Ikusmin handia piztuko duen apustua da hau. Bi harri-jasotzaileak dira gazteak, mutikotan batera ibilitakoak, kinta berekoak, eta jendeak oso gustura ikusiko duen norgehiagoka izango da. Aimar Irigoien orain dela urte gutxi Izeta II.aren aurka neurtu zen, Izeta IV.aren aitaren aurka. Aimarrek erabiliko duen 152 kiloko kubikoa, gainera, oso harri ezaguna da. Horrekin hamar minutuko hiru txandatan Goenatxo II.ak dauka marka, harria 96 aldiz bizkarrera jasota.