GARA Euskal Herriko egunkaria

Haranburu, Esnal eta Parot anaiak 24 urtez preso direla salatuko dute


Unai eta Ion Kepa Parot, Txistor Haranburu eta Jacques Esnal espetxeratu zituztela 24 urte bete dira aste honetan. Horren karietara, hainbat ekimen antolatu ditu Herrirak. Lehena Estatu espainiarrean dago preso eta frantsesean, beste hirurak. Horiei eta gainerako euskal presoei Parisek eta Madrilek «legedi berezia» aplikatzen segitzen dietela salatu du.

Dagozkien eskubideak nabarmenduta, baldintzapean aske uzteko eskaerei bide emateko exijituko diete bi estatuei gaur, arratsaldeko 19.00etan Donibane Lohizuneko geltoki parean egingo duten elkarretaratzean. Bihar, xede berarekin, Senperen izango da hitzordua, Oxtikenian egingo den herri-bazkarian.

Epaiketa Parisen

Bestalde, astelehenean beste elkarretaratze bat deitu du Donibane Garaziko herriko etxearen aurrean, egun horretan epaituko baitituzte Parisen Julen Mujika eta Intza Oxandabaratz. 2011ko abenduan atxilotu zituzten biak ala biak, ETA erakundea lagundu izana leporatuta. Orduan haurdun zegoen Oxandabaratz eta hilabete batzuk geroago behin- behineko askatasuna eman zioten hainbat mobilizazio egin ostean.

«Bake prozesuari baikorki erantzuteko» eskatu di0 berriro ere Herrirak Parisi. Horretaz gain, bere haurrarengandik bereiz ez dezaten, Oxandabaratz ez espetxeratzeko mozio bat sinatu dute Nafarroa Behereko 25 auzapez eta 60 hautetsik.