GARA Euskal Herriko egunkaria
Top 14

Zaleen babesean, Avironek zulotik irten nahi du

Baionako taldeak Stade Français hartuko du Donostian, Anoetako estadioan. Zuri-urdinek lau puntu behar dituzte jaitsierako mamuari aurre egiteko.


Baionako Avironek garaipena behar du jaitsierako postuetatik irteteko. Horretarako aurkaria eta lekua aproposa ditu, izan ere, 18.30ean Stade Français hartuko du Donostian, Anoetako estadioan. Ez da lehen aldia Baionako taldea Parisekoaren aurka Gipuzkoako hiriburuan arituko dena, eta orain arteko emaitzak bikainak izan dira zuri-urdinentzat. Gaur ere horrela izatea komeni da.

Partidak sekulako garrantzia dauka, hiru jardunaldi bakarrik geratzen baitira Liga amaitzeko. Biarritz jadanik maila galduta dago, eta orain ez da komeni beste euskal taldeak gauza bera egitea. Gaur irabazita, seguru jaitsieratik aterako dela, beste bi aurkari zuzenak, Perpinya eta Oyonnax, elkarren aurka arituko baitira. Beraz, biek irabazterik ez dutenez, hor aldeko zerbait izango du talde lapurtarrak, nahiz eta gauzak dauden bezala, Oyonnaxek irabaztea komeni zaien. Baina berak garaipena lortzen ez badu, ez du ezertarako balioko.

Talde frantziarrak ere asko du, ordea, jokoan. Datorren urtean Heineken Kopan aritzeko txartela lortu nahian dabil, baita ligako final-laurdenetan sartzeko borrokan ere. Talde asko daude oso puntu gutxiren barruan, eta edozer gerta daiteke. Beraz, haiek ere puntuak launaka behar dituzte, eta neurketa ikusgarria eta premia handikoa izango da Anoetakoa.

Donostiako estadioa oso egokia izan da orain arte lapurtarrentzat. Normalean partida onak izan dira, eta emaitzak ere halakoak, baina gaurkoa bezain partida garrantzitsurik ez dute inoiz jokatu, nahiz eta Biarritzen aurkako derbiak ere jokatu izan dituzten Gipuzkoan.

Deialdia

Avironek honako hamabosteko hau zelairatuko du gaur Anoetan: Van Rensburg, Romieu, Muller, Senekal, Fa'aoso, Chisholm, Marmouyet, Haare, Rouet, Fernandez, O'Connor, Ugalde, Rokocoko, Vaka eta Spedding. Aulkian, berriz, Etrillard, Igiñiz, Olivon, Monribot, Ahoteiloa, Belie, Bustos Moyano eta Tialata. Ruiz izango da epailea.

Dimitri Yachvili errugbia uztera doa

Biarritzek gainerakoei zor zaien errespetua eta ohorea izango ditu jokoan gaur Parisen Racing Metroren aurka 18.30ean jokatuko duen norgehiagokan. Partidak berak baino garrantzi handiagoa hartu du Yachviliren erabakiak, azken hamarkada honetan taldeko ikurra izan den jokalariak errugbi profesionala uztea erabaki baitu, aurtengo denboraldiaren ostean.

Yachvilik 33 urte ditu, eta Biarritzek azken urte hauetan lortu dituen garaipen garrantzitsu guztietan hartu du parte. Azken denboraldi hauetan, ordea, lesioek egur handia eman diote, eta taldeak maila galdu duen honetan, beste batzuei txanda pasatzeko garaia dela iritzita uzten omen du. Hiru partida geratzen zaizkio bere ibilbideari amaiera emateko.

Traille, Couet Lannes, Gimenez, Burotu, Thomas, Yachvili, Lesgourgues, Lakafia, Molcard, Guyot, Marie, Dubarry, Gomez Kodela, Hegi eta Barcellak osatuko dute gaur Biarritzek Parisen aterako duen hamabostekoa. J.L.