2014 API. 13 Top 14 Ezinbesteko garaipena Anoetan Joko oso ikusgarririk gauzatu ez bazuen ere, Bustos Moyanok gauzatutako zortzi zigor kolpeek -jaurtitako guztietan asmatu zuen argentinarrak- atzo Stade Françaiseren aurka irabazteko eta oraingoz jaitsiera postuetatik ihes egiteko balio izan diote Avironi. AVIRON BAIONA 24 STADE FRANÇAIS 19 Baionako Avironek ez zuen, ziur asko, aspaldiko partidarik onena jokatuko, talde lapurtarraren jokoak ez zuen txundituko lehen aldiz errugbi partida bat ikustera atzo Anoetara gerturatu zen ikuslea, baina zuri-urdinak dauden egoeran egonda, halako detaileek apenas balio duten deus, garrantzitsuena egin baitzuen, alegia, ezinbestekoa zuen garaipena eskuratu zuen talde euskaldunak atzo Donostian, zaleen babesean. Hil ala biziko partidetan, aitzina egitea izaten da garrantzitsuena eta erabateko finala zuten baionarrek, beste behin zorte ona ekarri zien Anoetan. Gainera, berarekin batera zulotik ihes egiteko borrokan ari diren Perpignan eta Oyonnax elkarren aurka aritu zirela aprobetxatuz -kataluniarrak nagusitu ziren- atzo eskuratutako lau puntuek jaitsiera puntuetatik ihes egiteko balio izan diete euskaldunei, hori bai Oyonnaxekin puntutan berdinduta. Azken hiru partidetatik bi irabaztea jarri zuten helburutzat lapurtarrek eta hurrengo astean lor lezakete bigarren funtsezko garaipen hori, atzo galdu ondoren hiru puntura geratu zaien Grenobleren etxean. Bustos Moyano, erabakigarria Heineken Kopan sartzeko borrokan, Stade Français ez zen aurkari samurra, baina Aviron ia partida osoan aurretik ibili zen markagailuan, bereziki Bustos Moyano argentinarren lan bikainari esker. Zortzi aldiz saiatu zen ostikoz zigor kolpea gauzatzen eta guztietan asmatu zuen, zaleen pozerako. Uztartzeetan dezente sufritu zuen talde baionarrak Parisko aurrelari indartsuen kontra, baina oso partida burutsua jokatu zuten euskaldunek eta, talde lan sendoari esker, bizirik mantentzea lortu zuten. BIARRITZEK PORROT BERRIZ ERE. Denboraldia luze jotzen ari da Biarritzentzat eta dagoeneko maila galdua duen taldeak jipoi galanta jaso zuen Racing Metroren etxean 37-7 galduta. Lesgourguesen entseguz eta Yachviliren gauzatzean heldu ziren zazpi puntuak.