GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Kristoa nonahi


Kristo ondorengo 2014 urtean gara, udaberrian izan ere. Horrek ez du esan nahi jada kristo ez denik, badaezpada ere. Bai zera! kristoz beteriko mundua da hau, erlijioa bera aparte utzita ere, aste santua bera bazter lagata ere. Are gehiago, kristo gehiago da egun elizetik kanpo barruan baino, prozesioak kontuan hartu gabe ere. Tira, harira, demontre! Kristo ondorengo 2014 urtean gara. Espainia Erresuma sasi-estatua da, lege zaharrek ibilgetua, herdoildua, bere hondakinak zein edukiontzitan bota ez dakiela, iparra behingoz galduta, eta, batez ere, kostarik gabe geratzeko arriskuan. Ezaren jabe izanda Ezpainia bihurtua. Is pain ingelesez. Hala ere, itxura egiten mantentzen dira batzuk eta besteak ganberan, goikoan izan edo behekoan izan itxura egiten, euren eraikinaren ganbara bihurtu duten horietan. Sotoan zer duten euskaldun askok ondo daki. Bada bai, ibilgetua, baina zezen-larrua osorik? Ez! Bada ipar-erdian eta ipar-ekial- dean, Pirinioez mutur kostadun bietan izan ere, ibili dabiltzan herrixka bi. Herri izan nahi duten herrixka bi horietako herritarrak indar handia ari dira azken sasoian hartzen, ekialdekoak nagusian, lehendik datozen errezetekin egin eta kale-plazetan zabaldutako edabe magiko batengatik

Eta ekialde hartan, handik eta hortik, Europa bera barne, sasien gainetik giza-dorreak altxatuz, Mediterraneoaren kostari eskurik eskuko giza-katea eskainiz, berenari euren erritmoan eusten dioten bitartean, ipar-erdi honetan euskal-patataz ari gara bueltaka. Gastronomia ponentzia gauzatu beharko luke Ajurianerixek Legebil- tzarrean, batzuen autogobernu asmoa zertan den besteok ere jakin dezaten. Passion for knowledge! Esaten dela orain, Ezagutzeko irrika! edo. Izan ere, hemen erretegiak dauzkagu, eta errepideak ere nonahi, eta frontoian erremontea, eta soroetan erremolatxa, eta itzulian korridoreak aldapan gora errenkadan, eta lantegietan errementariak... A! Eta errenta aitortzen dugu!. Baina zer kristo! Ez ote da sasoia orain arteko erretorika, errezeloak, errezetak eta errezoak bazter utzi, erregistroa erreformatu, eta erregimen berri batera jotzeko, horren bidean Erresuma, eta euren santu-tropel guztia, eta eskuilak pikutara bidalita?. Errespetuz esanda beti ere. A! Eta bide batez, errefusak, ahal dela, atez ate bildu, ze kristo!.