2014 API. 28 Bells Beach 2014: ASP zirkuituko hirugarren proban Fanning eta Moore irabazle Aurtengo ASP zirkuituko lehen hiru txapelketak Australian egin dira. Azkena Bells Beacheko eskuin olatu amaigabean egin da eta irabazleak Mick Fanning eta Carissa Moore izan dira. Moore da buru nesken rankingean eta Grabiel Medina mutilenean. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA ASP zirkuituak aurrera jarraitzen du, eta, Bells Beachen egin zen itzuliko hirugarren proba amaitu ostean, Australia utzi eta Brasilera bidean dira munduko lehiakide onenak. Bells Beachen Mick Fanning eta Carissa Moore izan ziren irabazleak. Olatu ederrak izan dira aurtengoan ere, eta txapelketa ikusgarria izan da. Fanning eta Moore Bi australiar izan ziren mutilen finalean, bi beterano buruz buru: Mick Fanning eta Taj Burrow. Txandaz txanda gogor lehiatu behar izan zuten bi surflariek aurrera egiteko. Ez zuten batere bide errazik izan finalerdietara iristeko, aurtengoan ere sekulako lehia izan baita Bells Beachen. Finalerdietan, batetik, Mick Fanning eta Julian Wilson estatubatuarra, eta, bestetik, Taj Burrow eta John John Florence hawaiiarra. Azken horrek sekulako emaitzak lortu zituen aurreko txandetan eta txapelketako puntuazio onenak berak lortu zituen. Final laurdenetan, esaterako, olatuaren erdi aldera jada hamarrekoa zen 360 graduko airekoa egin zuen, eta, olatu amaieran, ur azalean etzanda amaitu zuen bira erradikala egin zuen; itzela izan zen, hamar puntu baino gehiago ere merezi zituen, baina gehienez hamar puntu lor daitezke, eta horixe izan zen epaile guztiek eman zioten puntuazioa. Horrela kaleratu zuen hamaika bider munduko txapelduna izan den Kelly Slater Floridako surflaria. Finalerdietarako, beraz, sekulako ikusmina zegoen Victoriako eskuin olatuan. Julian Wilson eta John John Florence izan zitezkeen finalean, airekoak maite dituztenentzat ikuskizun ezin hobea izango litzatekeena. Epaileek, baina, airekoak bakarrik ez, surf klasikoa ere maite dute, eta, hala, azkenean Fannig eta Burrow izan ziren azken txandara iritsi ziren bi lehiakideak. Burrowek kalitate ertaineko bi olatu ziurtatu zituen hasieran, Fanningek patxadaz serieko olatu on bat itxaroten zuen artean. Ez ziren olatu handiak, metro eta erdi ingurukoak, baina erreka haize leuna zegoen eta ondorioz olatu azkar eta garbiak altxatzen ziren, mota guztietako birak egiteko primerakoak. Horiek horrela, Fanningek bi olatu eder hartu zituen eta puntuazio altuak jaso zituen: 8,83 eta 8,00 puntuko bi olatu bikain egitea lortu zuen. Burrowek, berriz, sekulako olatu egin zuen eta finaleko puntuazio altuena jaso zuen, 9,63 puntuko olatua egin baitzuen. Bigarren olatu bat falta zitzaioan, ordea, baina ez zuen 3,83 puntu baino gehiago biltzea lortu. Horrenbestez, Fanningen odol hotzak Burrowen izaera mugitu eta erradikala menderatu zuen. Fanningek aitortu zuen ez zela batere erraza izan eta Burrow zoriondu zuen: «Inoiz ez naiz bederatzi minutuko saioan hain urduri egon. Burrow zoriondu behar dut, bikain aritu baita». Fanningek jada hiru bider irabazi du munduko WCT txapela (2007, 2009 eta 2013an) eta aurten ere aukera asko dituen lehiakidea da. Burrowek, berriz, ez du inoiz munduko titulua eskuratzea lortu, eta, WCT zirkuituan urte asko daramatzanez, noizbait irabaztekotan aurtengoa izan daiteke bere urtea, izan ere, gazteak indartsu datoz eta pixkanaka urtez urte gero eta gehiago kostatzen da lehen postuetan mantentzea. Arrazoi horregatik eta Burrowek duen izaera eta surf egiteko estiloagatik, jarraitzaile fidel asko ditu australiarrak, eta, ondorioz, 2014ko txapela eskuratzeko faborito nagusietako bat da. Horiek horrela, WCT zirkuituko hirugarren txapelketa amaitu ostean, honako hauek dira ranking orokorrean lehen bost postuetan dauden lehiakideak: lehen postuan, Gabriel Medina brasildarra; bigarren eta hirugarren postuetan, Joel Parkinson eta Mick Fanning australiarrak; laugarren postuan, Kelly Slater estatubatuarra; eta, bosgarren postuan, azkenik, Taj Burrow australiarra. Aritz Aranburu zarauztarra ere WCT zirkuituan da aurten eta bikain hasi zuen Bells Beacheko txapelketa, lehen txandan Adrian Buchan eta Michel Bourez menderatu ostean zuzen-zuzenean hirugarren txandara pasa baitzen. Aldiz, ezin izan zuen aurrerago joan, Joel Parkinsonek garaitu baitzuen. Bigarren urtez jarraian Carissa Moore hawaiiarrak irabazi du Bells Beacheko emakumezkoen txapelketa. Finalerdietan Sally Fitzgibbons kaleratu zuen eta finalean Tyler Wright australiarraren kontra aritu behar izan zuen. Olatu onak izan ziren eta lehiakide bakoitza arerioak egindakoa gainditzen saiatu zen. Lehia gogorra izan zen, Wright bikain aritu zen, baina, azkenean, Carissak 16,23 puntu bildu zituen eta Tylerrek 15,77 puntu; beraz, hawaiiarra gailendu zen. Carissak aurtengo itzulia hasi denetik egin diren hiru txapelketatik bi irabazi ditu eta lortu duen emaitza txarrena finalerdietara iristea izan da; oso indartsu dabil, beraz. Rankingean buru da hawaiiar gaztea. Iaz bera izan zen munduko nesken txapelduna, baita 2011n ere. Urteari hasiera eman dion modu berean lehiatzen jarraitzen badu, 2014ko munduko txapelduna izateko aukera asko izango ditu Carissak. Orain, bai nesken bai mutilen kasuan, lehiakide guztiak Brasilera begira daude. Izan ere, bertan izango da goi mailako zirkuituko laugarren proba, Rio de Janeiron, maiatzaren 7tik 18ra bitartean.