GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOAK

Gure sektore errukarri honetako bizipenak

Kontsumitzen dugunaren %5 bakarrik ekoizten dugu; beraz, beste %95 falta da, eta herri bezala egiten ari garen urratsak ikusiz, %100 sortu beharko genuke


Idazten eta areago gizarteari idazten oso aditua ez banaiz ere, barruko sentimenduak adierazteko beharra dut. Baserrian jaioa, hazia eta hezia, ogibidea ere baserriko jarduerarekin sortzen dudana gainera.

Hogei urte inguru nituela nahiko garbi geratu zitzaidan neure bizitzan zerbait funtsezkoa egin behar nuela, hau da, ogibide konprometitu bat hartu behar nuela, alegia. Jende xumeari nahiko buruhauste ematen digun gaia izanik eta bizitzan zenbat ordu eskaintzen dizkiogun kontuan hartuta, zer hobea ogibide hau erakargarria eta bizia izatea baino. Bide honetan gure baliabideak izugarriak ez zirenez, ba, etxeko baserriari ekin nion.

1987an edo, baserrian lan eginez, ikusi eta ikastea pentsatu nuen. Etxeko baserritik at, Zabalegi eskola izan zen nolabait abiapuntua eta hemen, esango nuke, hasi zitzaidala barrua janzten, baserrigintzari buruzko gogoetekin. Garai honetan Europan sartu beharrari buruz hitz egiten zen, asko ekoiztu beharraz, Alemania, Holanda, Erresuma Batua... bezalako herrialdeekin lehiatu beharraz. Nik behintzat azken ideia hau ez nuen inolaz ere partekatzen, nola ba! Alde batetik, gure ingurunea ezagututa eta beste aldetik esan zigutenez, guk ekoiztu egin behar genuen eta gero industriak salduko zuen. Guk ekoiztutakoa ez zetorren bat industriak kontsumitzaileari eskaintzen zionarekin, ordea.

Berehala konturatu nintzen EHNE izeneko nekazaritza sindikatu bat bazegoela eta hor bete-betean lotzen zirela nire nahiak eta sentimenduak eta sindikatuaren ardatza. Hor nolabait baserria eta baserritarra ziren aktore nagusiak; EHNEren esanetan, bai batak eta bai besteak faktore indartsuak izan behar zuten, gure herriak lehen sektore duin bat behar baitzuen. Puntu honetan hasten da idatzi honen funtsa:

90eko hamarkadan oso garbi dut gure politikariak erabat deslokalizatu zirela gai honekiko, beraien ikuspegia ez zetorren bat sektoreak bizi zuen errealitatearekin. Europa iparraldeko herrialdeekin lehiatu beharra aldarrikatzen zuten, edozein modutan ekoiztuaz eta ekoizpena baserritar gutxi batzuen gain utzita nahikoa izango zela sinetsarazi zuten; beraz, ordura arteko baserritarren gehiengoa soberan zegoela. Inolaz ere ezin dut adierazi ondorengo bi hamarkadetan zenbat aldiz pentsatu dudan ze hanka-sartze politiko-historiko izan zen hura, baserritar haiek zeukaten gaitasunarekin, kalera, industriara bidaltzea, alegia. EHNE sindikatuak oso garbi defenditzen zuen baserrigintzak eta baserriak faktore indartsuak izan behar zutela, hori zela jarrera zuzena, baina dirudienez, ez zen komeni sektorearen batasuna, hori puskatu behar zen.

Bi hamarkada hauen ostean, oso baserritar gutxi geratzen gara baserritik bizi eta jaten dugunak, modu batean edo bestean, mendialdean, ibarretan, birekin, zortzirekin... guztira ez dugu ekoizten hemengo kontsumoaren %5 ere. Egia da sektorea nekatuta dagoela, ez baitira baserrian astean 40 lanordu izaten, askotan 80tik gertuago, familia osoa lanean (hau eredugarria da, nire ustez, transmisio egokia egiteko), «kontribuitu» bat bezala bi, lau, sei pertsona laguntzen dabiltzanean, hauei ere zerbait eman beharko zaie ba, baina nondik, irabaziak kendu egiten dizkigutenean? Ogasunak ez gaitu kontuan hartzen, agintariek ere sektorearekin biltzeko asmorik ez dute erakusten, ez behintzat gauzak bere bidetik kanalizatzeko.

Egungo nekazalgintzari buruz entzuten diren gaitzespenak ere erabat tokiz kanpokoak iruditzen zaizkit. Pertsonalki eragiten ez didaten arren, badakit baserritar askori eragiten diotela, askotan eta askotan manipulatu arte, eta bitartean bere familia aurrera atera ezinean ari direnean.

Badakigu, Gipuzkoan adibidez, handia dena, gero Europan nolakoa den. Guk badakigu baserrian lan egiten, agian zenbait parametro egokitu egin beharko dira, baina horretarako daude hainbat izendapen. Ez zatitu gehiago gure sektorea mesedez, baserritarra ez baita gauetik goizera egiten eta baserrian duintasunez ekoiztea ere ez da erraz lortzen.

Uste dut, errespetu osoarekin, nekazaritzari buruz utopia gehiegi dagoela, interesak ere (pertsonalak, kolektiboak, ekonomikoak) badaude eta baserria eta sektorea gutxi ezagutuaz paperak bete eta erabakiak baserritarren multzoari bizkarra emanda hartzen dabiltza. Orain ere gure agintariak deslokalizatuta daudela esan nahi dut honekin, ez behintzat gaian zentratuta. Paperetan gauza polit asko idazten da, baina errealitatearen egoera bestelakoa da eta sektorearekin batera diagnostikatu gabe ez da lortuko helburu egokirik.

Ez dut idatzi hau inongo protagonismorik bilatzeko egin, zer esana badugula uste dudalako baizik. Xumea eta apala izatea gustatzen zait bizitzan, baina harro sentitzen naiz baserritar bezala, inguruko beste edozeinek sentitu behar duen bezala. Beti ari gara hobetu nahian, akatsak zuzenduaz, baserrian aktibitate berriak sortzen, gure gizarte kontsumitzaile zoragarri honi produktu, aktibitate, natura egokiak eskaintzen. Baserritarrok herria behar dugun bezala, herriak ere behar gaitu gu. Hala ere, kontsumitzen dugunaren %5 bakarrik ekoizten dugu; beraz, beste %95 falta da, eta herri bezala egiten ari garen urratsak ikusiz, janariaren %100 sortu beharko genuke; poltsiko batzuen jabeak asetzeaz gain, jende xumea, pobreak, guztiak ase behar ditugu. Bestalde, oraindik kanpotik ekarritakoa hobea dela uste dugu eta hemengoari bi luparekin begiratzen diogu, balioa kenduaz.

Nekazaritza ordezkariek dute produktorearen defentsa egin beharra, eta arlo sozial eta ekonomikoan partaide izan beharra, baldin eta herri jasangarri bat nahi badugu behintzat.

Ea lortzen dugun, guztion artean sektore errukarri hau sektore eredugarria bihurtzea, tokatzen zaion lekuan kokatzea alegia. Baserritarrok izan behar dugu aktore nagusiak, bai ala bai. Adibide bat jarriko nuke bukatzeko: Bertsogintzan, bertsolari taldeak eta bere inguru horrek batzea lortu du eta guk zergatik ez?