2014 MAI. 03 TXOKOTIK Salbuespenik gabe Xabier Izaga Kazetaria Gauza jakina da Atenasko demokrazian biztanle gehienek ezin zutela parte hartu. Hala ere, gizarte antolabide mota bati izena eman zion. Demokrazia hark bazuen zer hobetu, eta hartarako denbora luzea beharko zuen. XVIII. mendetik herrialde askotan sistema demokratikoa indarrean bazegoen ere, emakumeei XX. mendean zehar onartu zieten parte hartzeko eskubidea. Hegoafrikan aspaldi gabe, duela 20 urte, onartu zuten sufragio unibertsala. Demokrazia bitxi hartan beltzek ezin zuten botoa eman. Larriena, ordea, ez zen beltzak gehienak izatea; izan ere, herritar bakar bati, beltz zein zuri, emakume zein gizon, bozkatzea debekatuko baliote, hauteskundeak ez lirateke demokratikoak izango. Edonola ere, botoa ematetik haragoko antolabidea da demokrazia. Ororen gainetik, antolabide horrek eskubideen eta libertateen bermea izan behar du. Ez da erraza, askotan ez baita oso argi agertzen eskubide eta libertateen muga. Hala ere, gaur egun badago berme horrek gutxi gorabehera noraino zabaldu behar duen seinalatzen duen erreferentzia sendo bat: Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta arlo bereko nazioarteko hainbat itun. Giza Eskubideen Nazioarteko Gutuna, hain zuzen. Eskubideek eta libertateek, ordea, legeekin talka egiten dute maiz. Eskubideak eta libertateak bermatzeko xedea omen duten legeekin, hara paradoxa. Sarritan, lege horiek eskubideak eta libertateak urratuz «bermatzen» dituzte eskubideak. Egungo demokrazietako legeek hainbat laguni etxebizitza, lana, hezkuntza, osasuna eta beste hainbat eskubide ukatzen dizkiete. Edo adierazpen askatasuna. Eskubideak ez al dira beti bermatu behar, salbuespenik gabe, edonorenak, edonoiz, edonon eta edozein baldintzatan? Ez dago eskubideak urratzea justifika dezakeen egoerarik. Estatuaren ordezkariek zer esan behar den, esan daitekeena zedarritzen dutenean, demokrazia murriztu eta faxismoa zabaltzen da. Edozer esatea ez da zilegi, jakina, baina zilegitasuna gizarteak eman edo kendu behar die diskurtsoei, liburuei, mezuei. Herritarrek emango diete bizkarra, edo sostengua, alderdiei, esate baterako. Estatuaren arduradunek zer esan, zer pentsatu behar den zehaztea ezer ez esateko, ez pentsatzeko bidea da. Salbuespenik gabe.