2014 MAI. 06 TXOKOTIK Erosoago eta askeago Maider Eizmendi Kazetaria Bakean uzteko esan zion modu onean, deseroso sentiarazten zuten begirada eta keinurik egiten ez jarraitzeko, baina ez zion kasurik egin. Bortitzago ere esan behar izan zion, baina berean jarraitu zuen, festa eremuan batuta zegoen jendetzaren babesak eta lagunen irribarreek eskaintzen zioten konplizitatea zuen eta. Handi sentitzen zen, antza, parean jarritakoa txikiago eta deserosoago sentiarazten zuen bitartean. Gero eta handiago egiten eta lotsagabeago jartzen ari zela ikusita, lagun batek agindu zion bakean uzteko. Egiten ari zenak baino gehiago, lagunak atentzioa deitu behar izateak lotsarazi egin zuen, antza, eta orduan utzi zion handi baino gehienon begietara txiki-txiki egiten zuten keinuak egiteari. Udaren atarietara iritsi eta oihartzuna hasi dira hartzen berriz ere jai giroan gertatzen diren erasoak. Iruñeko Txantrean auzoko jaien baitan izandako erasoek hartu dituzte egunotan egunkarietako orriak, eta bat-batean etorri dira eragile, alderdi eta herritarren salaketak. Ez dira denak batu salaketan, zenbaitek nahiago du-eta erasoen nolakotasunean atentzioa jarri, horien atzean dagoen mezu sakonean baino. Tamalez, ohituak gauzkate. Erasoa jasan duten emakumeekin akordatzen naiz, noski; erasoagatik ez ezik, horrelakoetan ematen diren erantzun epel eta informazio traketsak sentiaraziko dien babes faltagatik; baina baita haien lagunekin ere, jaietara irten behar eta «kontuz» hitza behin eta berriz entzun beharko duten pertsonekin, batera edo bestera, hain aske sentitzen ez diren guztiekin, aske sentitzeko esfortzu bat egin behar dutenekin. Jai eremuetan gero eta gehiago irakurtzen ditut jarrera sexistak ez direla onartzen dioten kartelak, baina ez ditut nahi adinatan ikusten lagunari atentzioa deitzen dioten pertsonak, handi sentitzeko parekoak txiki sentiarazi behar dituztenak deseroso sentiaraziko dituen erantzunak; guztiak ere erosoago eta askeago sentiaraziko gaituzten inguruak sortzeko pausoak.