GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOAK

Euskal Selekzioaren etorkizuna

Jaurlaritzaren txostenak dioenez, Espainiako legediak ez du debekatzen euskal selekzioak nazioartean modu ofizialean lehiatzea, mugatu baizik. Ez dugu uste, ondorio horretara iristeko, inor ilerik gabe gelditu denik


Gabonak iristean, mutilen euskal selekzioa izaten dugu hizpide, 2008 eta 2009ko urteak kenduta, azken 20 urteetan, bere lagunarteko partiduak jokatu dituelako. Nesken selekzioak, aldiz, ez du aukera gehiegi izan eta, soilik, 2006, 2007 eta 2008an -futbol federazioak antolatuta- eta 2012an, Esait, EH Kirola eta Kontseiluak elkarlanean antolatuta aritu da. Herenegun Garmendiko futbol zelaian, Euskadiko futbol federazioaren eskutik, Irlandako selekzioaren aurka aritu zen.

Esait-ek argi dauka euskal selekzioen ofizialtasuna lortzeko, lagunarteko partidatik harago joan behar dela, beste urrats batzuk egin behar direla, urtean behin lagunarteko bat jokatzea -nesken kasuan ezta hori ere-, ez delako nahikoa. Ez dugu ukatzen hasieran, aldarrikapenaren barruan, lagunartekoek bere lekua izan zezaketela eta izan zutela, baina gaur egun, azken urteetan ikusi ahal izan dugun moduan, hainbat motiborengatik, urtetik urtera indarra galtzen joan dira. Eta hori begi bistakoa da.

Horregatik, ez diogu zentzu handirik ikusten lagunartekoak antolatzeari soilik antolatzeagatik. Hori esan genion iaz Euskadiko futbol federazioari Peruren aurka jokatu behar zuen lagunartekoaren aurreko bileran, denon artean beste estrategia berri eta ausartago bat finkatu behar genuela, nazioartean euskal selekzioak ofizialki onartuak izateko. Eta hori da helburua ezta?

Apirilaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak «Euskal kirol selekzioen ofizialtasuna: bideragarritasun juridikoa» txostena aurkeztu eta konklusio nagusi batera iritsi da: Espainiako legediak ez du debekatzen euskal selekzioek nazioartean modu ofizialean lehiatzea, mugatu baizik. Eta ondorioz, nazioartean euskal selekzioak ofizialak izateko hiru aurrebaldintza izan beharko liratekeela dio: euskal federazioek nahi izatea; nahi horri Espainiako federazitik oztoporik ez jartzea; eta Nazioarteko federazioetan eskaera onartzea. Ez dugu uste, ondorio honetara iritsita, inor ilerik gabe gelditu zenik, aspalditik jakinekoak baitira, begi bistakoak.

Euskal herritarren gehiengo batek euskal selekzioaren ofizialtasunarekin bat egiten du eta, ahalik eta azkarren, nazioarteko lehiaketetan bere selekzioa ikustea gustatuko litzaieke. Euskal kirol federazio gehienetan ere, guztiak ez esateagatik, nazioartean ofizialki aritzeko aukera hori izatea begi onez ikusiko lukete. Zer esanik ez kirolarien aldetik, beraiek direlako selekzio propioarekin aritzeko ukazioa pairatzen dutenak. Beraz, non dago arazoa aipatu estrategia berri eta ausartagoa martxan jartzeko?

Espainiako futbol federazioak orain gutxi erabaki du, 2020ko Eurokopa jokatzeko «bere» egoitza, alegia, Espainiako egoitza San Mames izatea. Laster, irailean, UEFAk aurkeztutako egoitza guztien artean erabakiko du zeintzuk izango diren onartutakoak eta, ziurrenik, San Mames ere aukeratua izango da.

Testuinguru horretan, Esait hainbat eragile politiko eta sozialekin elkartu ondoren, erabaki du Euskal Herriko udal guztietan, ekimen modura, bi puntuko mozioa aurkeztea. 1.- Euskal selekzioa ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerako selekzioen baldintza beretan lehiatu dadin aldarrikatzea eta 2.- Hori ahalbideratu ahal izateko, Udalak Espainiako Futbol Federazioari Euskal Selekzioari ezarritako betoa kendu eta nazioarteko txapelketetan parte hartzea ahalbidera diezaiola eskatzea.

Eusko Jaurlaritzaren txosten juridikoaren harira, nazioartean ofizialki aritzeko, aurreikus daitekeen oztopo nabarmenena Espainiako Federazioen aldetik badator, logikoa ere bada aipatu mozio horietako puntuetako bat, Espainiako Futbol Federazioari eskaera hori, «presio» gisa egitea, bera delako nazioarteko federazioaren aurrean ofizialak izateko Euskal Herriak duen aukerari bidea mozten diona.

Esaitek martxan jarritako ekimen instituzional horiek garrantzitsuak dira eta udaletan mozioa onartzea aldarrikapen modura baliagarria izan daiteke. Espero dugu euskal selekzioaren alde dauden alderdi politiko guztiak horretaz jabetzea eta beraien babesarekin aurrera egitea.

Bukatzeko, esan, gure animoak eta babes guztia dutela Azpeitian euskal selekzioarekin aritu ziren guztiek, kirolarietatik hasita. Argi daukagu egiten dutena baino gehiago egitea beraien esku ez dagoela, guztion esku baizik, jokalariei beraiei zuzenean azaldu diegun moduan.

Euskadiko futbol federazioa eta beste federazio guztiak, berriro ere gure eskuak elkarlanerako prest daudela esanez, Jaurlaritzaren txosten juridikoaren ildotik eta estrategia berri eta ausartago baten bidetik urratsak egitera animatu nahi genituzke. Eta, orain arte bezala, gure laguntza eta babesa, xumea bada ere, izango luketela adierazi.