2014 MAI. 18 HEMEROTEKA Eta hala ere... hobe egotea Xabier Letona Argia (...) Bigarren Mundu Gerraren aurreko hainbat itzal agertu dira Europan azken bosturtekoan: 26 milioi langabetu, finantza merkatuak dantzan eta 1929ko krisiaren oihartzunak saihestu ezinik, behe eta goikoen arteko gero eta desberdintasun bortitzagoak, eskuin muturra gero eta sendoago... Ezkerraren egoera da desberdintasun handienetakoa: Sobiet Batasuneko haizeen bultzadarekin, sasoi hartan ezkerreko mugimenduek gogor egiten zuten bultza harreman sozialak orekatze aldera. Printza esperantzagarriak badiren arren, gaur egungo ezkerraren ezintasuna agerikoa da (...). Badirudi ekuazioa argia dela: Europako espiritua zenbat eta sozialago, Europar Batasuneko herritarrek ere identifikazio handiagoa Batasunarekin. Estatuen eta merkatuen Europa honek, beraz, aurrera egin ahala, ba al du eskaintza erakargarririk herri eta herritarrentzat? Eraikuntza molde honetan gero eta gutxiago seguruenik, eta ezin baikortasun handiz begiratu etorkizun hurbilari. (...) Lehiakortasuna are eta bortitzagoa izango da -lan merkatu eta lan sarietan ere bai-; produkziorako kontrola are txikiagoa, horrek izan dezakeen ondorioekin; hazkundea eta lehia ingurumenaren gainetik izango dira; Itunaren garapenaren kontrola gobernuen eskuetatik kanpo geratzen da; eta, oro har, garapen eredu angloxaxoia indartsuago izango da, finantzen munduaren gero eta botere maila handiagoarekin. Eta, hala ere, estatuen menpe diren herri txikiei interesatzen zaie EBren espazioan egotea. Batez ere ikuspegi demokratiko ahulena duten estatuetan daudenei. Ulergarria da Europa horrekiko interes eza, baina txikiok atera dezakegu etekinik egoera horretatik. Bat, estatuek dituzten burujabetza galera horietan akaso topa daitezkeelako herrien izaera indartzeko zirrikituak; bi, Europako Legebiltzarra bozgoragailu bikaina bilaka daitekeelako; eta hiru, Herrien eta herritarren elkartasunerako Europaren aldekoek harremantzeko duten espazio iraunkor esanguratsuena delako gaur egun, bestelako Europa bat eraikitzeko behar diren konplizitateak eraikitzeko ezinbesteko espazioa.