GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Nazabal eta Atutxa jadanik finalean aritzeko prest daude

Nafarra eta bizkaitarra dira aurtengoa irabazteko faborito nagusiak, eta finalerdietako saioetan aparteko arazorik gabe egin zuten aurrera.


Aitzol Atutxak eta Floren Nazabalek lortu zuten Urrezko Aizkorako finalean aritzeko txartela. Ander Erasunek eta Jon Rekondok, aldiz, hirugarren finalerdian aritzeko txartela lortu dute, eta Urrotzen aritu beharko dute Felix Etxeberriarekin batera, finalerako azkeneko txartela eskuratzeko asmoarekin.

Bi finalerdietan aizkolariek lan bera egin behar izan zuten. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu behar izan zuten. Hirugarrengoan, 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki zuten. Laugarrengoan, 60 ontzakoa ahalik eta azkarren erdibitu behar izan zuten, eta azkenik, hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen bakoitzak.

Urduñako neurketan Atutxa izan zen onena. Bizkaitarra kolpekako lanean hasi zen aldea ateratzen, lana 39an amaitu zuen, eta zazpi kendu zizkion Erasuni, eta zortzi Lopezi.

Bigarren lanean, Erasun izan zen onena, minutu batean amaitu baitzuen lana, segundo bat kenduz Lopezi, eta sei Atutxari. Hirugarren saioan, Atutxak neurketa ia erabakita utzi zuen. Zutik jarritako enborra minutu eta 37 segundoan amaitu zuen. 13 kendu zizkion Erasuni eta 29 Lopezi.

Laugarren saioan, Erasun gailendu zen. 1.47 izan zen bere denbora, 2.03 Atutxarena eta 2.29 Lopezena. Iraupen proban Atutxak alde handia kendu zien besteei. 11.31 izan zen bere denbora, 13.02 Erasunena, eta 13.26 Lopezena. Denera, 17.06 izan zen Atutxaren denbora, 18.25 Erasunena eta 19.49 Lopezena.

Atzo Deustun jokatu zen neurketan, berriz, Nazabal izan zen onena. Kolpekakoan nagusi izan zen, 41ean erdibitu baitzuen 45 ontzakoa, eta zortziren aldea kendu zien Rekondori eta Mugertza II.ari, bi hauek berdinduta geratu baitziren. Bigarrengoan ere Etxarrikoa izan zen onena, lana minutu batean amaituz. Hiru segundo atera zizkion Mugertza II.ari, eta 16, berriz, Rekondori.

Zutikako lanean, Rekondo izan zen azkarrena. 1.08 izan zen bere denbora, eta sei segundo atera zizkion Etxarrikoari, eta 24 Mutrikukoari. 60 ontzakoarekin, berriz, Mugertza II.a izan zen ongien moldatu zena. 2.08 izan zen bere denbora. Bost segundo kendu zizkion Nazabali eta 13 Rekondori.

12.43 izan zen Nazabalek iraupen proba amaitzeko behar izan zuen denbora. 13.12 izan zen Rekondorena eta 15.17 Mugertzarena. Lan guztiak burutzeko, 17 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Nazabalek, 18.46 Jon Rekondok, eta 20.49 Mugertza II.ak. Azken hau geratu da txapelketatik kanpo, eta Rekondok, oraindik beste aukera bat izango du datorren astean.

Xabier Zalduak ez du oraingoz Arria V.aren aurka apusturik jokatuko

Xabier Zalduak korrika apustua jokatzeko desafioa bota zion orain dela bi aste Arria V.ari, eta pasa den ostiralean zuten hitzordua Azpeitian, baina aurrez iragarri zuen bezalaxe, Arria V.a ez zen agertu.

Zalduak korrikan bakarrik jokatu nahi zion errezildarrari, eta 16 kilometroko neurketa egin nahi zuen azaro aldean jokatzeko, baina aurkaririk gabe geratu zen. Beste korrikalariren bat agertuko ote zen zurrumurruak ere handiak ziren, baina ez zen inor agertu zitara.

Zaldua eta Arria V.a pasa den abenduan neurtu ziren, eta orduan aizkoran eta korrikan neurtu ziren, eta errezildarrak lortu zuen garaipena. J.L.