2014 MAI. 20 KOLABORAZIOAK Itziarren erabaki demokratikoa errespetatuko du EAJk? Perspektibarekin begiratuz, EAJ alderdia Itziarren egiten ari dena Rajoyk Euskal Herriarekin egiten duenaren antzekoa da: Itziar existitzen denik ukatu, eskumenik ez eman, lur eremua zatitzen saiatu, galdeketa oztopatu... Ihintza Irizar Beristain, Arantxa Lizarralde Larrañaga Denon Herria Maiatzaren 25ean Itziarren bi hautetsontzi izango dituzte zain, Europako parlamentuaz gain Auzo Udal moduan eratu nahi duten esateko aukera ere izango dutelako. Emaitza zein den ez dugu jakingo galdeketa egin arte, baina auzotarren erabakia -dena delakoa- errespetatuko den jakitea gustatuko litzaiguke. Galdeketaren emaitza errespetatuko dute Debako Udalean ordezkaritza daukaten alderdi politikoek? Alternatiba Eraikitzen, Aralar eta Herria Sortzen-ek aurreratu dute baietz, galdeketaren emaitza, dena delakoa, onartuko dutela. Test demokratikoa gainditzen dute, beraz. Beste esparruetan aldarrikatzen dituzten printzipio demokratikoak etxetik hasita aplikatzen dituztela erakutsiko dute. Hiru alderdi horien jarrerari sinesgarritasuna ere aitortzen diogu. Batetik, hartu duten konpromisoagatik: Udalbatzarrean guk aurkeztutako mozioari baiezkoa eman zioten eta koherentziaz Gobernutik herri galdeketa egiteko laguntza ematen ari zaizkigu. Eta, bestetik, orain arte egindako galdeketen emaitza errespetatu egin dutelako: Usurbilen atez ateko galdeketarekin, Igeldon desanexio galdeketarekin, Zestoan zezenketen aurkako galdeketarekin, Hernanin azpiegituren inguruko galdeketarekin eta abar luze bat. Emaitza euren aldekoa izan denean, eta izan ez denean, gehiengoaren nahia errespetatu dute. Beraz, Itziarren gehiengoz bozkatzen dutena Debako Udalean ere errespetatuko dutela sinesten dugu. Debako Udalean ordezkaritza duten beste hiru alderdiei, ordea, galdeketak dilema bat planteatzen die. Galdeketaren emaitza gustukoa ez badute, errespetatuko dute? Oraindik ez dute argitu. EAJ, EA eta Ezker Anitza alderdiek Auzo Udal proiektuaren aurka bozkatu nahi dute. Baina Itziarrek Auzo Udalaren alde egiten badu, ezezkoan jarraituko dute? Ez dago argi galdeketaren emaitzaren aurka ere egingo duten. Programa politikoa edo demokrazia? Aukeratu egin beharko dute. EA alderdiak ere Larreinaren ahotik Itziarko auzotarren erabakia errespetatuko duela esan du. EAJ eta Ezker Anitza alderdiekin, ordea, isiltasunak jarraitu egiten du. Gustatuko litzaiguke, duela hilabete gutxi bezala, guztiak bat eginik ikustea Auzo Udalaren proiektua elkarrekin definitzen, baina zoritxarrez egun horiek iragana direla ematen du. Azken txanpa honetan gainera formak eta printzipioak ere galdu egin dira. EAJ alderdiak ez du gurekin bildu nahi izan, biltzeko eskaria behin eta berriz egin diegun arren. Artikulu honen izenburu bera daraman galdera luzatu genion duela bi aste Ortuzarri Osoigo.com webgunean, eta erantzunik gabe jarraitzen du. Denon Herria bilgunea ignoratzea erabaki dute eta galdeketa egingo ez den itxurak egitea. Larriena, galdeketa egiteko Debako Udalari azpiegitura eskatzen genion mozioari ezezko biribila ematea iruditzen zaigu. Nola liteke herri kontsulta ez-lotesle bat egiteko inori laguntza ukatzea? Herritarrak mututzeko saiakera salagarria iruditzen zaigu. Demokraziari beldurra diote? Zer egin behar du EAJk Itziarko gehiengoak Auzo Udal moduan eratu nahi duela esaten badu? Jakiteko eskubidea daukagu. Zergatik oztopatu Itziarren ariketa demokratiko bat egitea? EAJk babestu duen proposamenak Itziarko eremua modu artifizialean zatitzen du eta galdeketa egiten bada gerta liteke itziartarrek babesik ez ematea. Galdeketa oztopatuta lotsagorritze momentu hori ekidin nahi izan dutela uste dugu. Itziartik banantzen zituzten auzotarren iritzia isilarazi nahi izan dute, euren proposamenaren artifizialtasuna ezkutatzeko. Perspektibarekin begiratuz, EAJ alderdia Itziarren egiten ari dena Rajoyk Euskal Herriarekin egiten duenaren antzekoa da: Itziar existitzen denik ukatu, eskumenik ez eman, lur eremua zatitzen saiatu, galdeketa oztopatu, Udalbatzarra galdeketaren aurretik egiten saiatu.... Abertzalea den alderdi batek horrela jokatzen duela jakiteak min ematen du. EAJk errespetatuko du Itziarko galdeketaren emaitza? Ez dakigu zer egingo duen, ez digutelako esan. Koherentziaz, premisa demokratikoari jarraituz, emaitza onartu beharko lukete. Baina kontrakoa pentsatzeko adibideak ere agerikoak dira. Igeldoren kasua esaterako, oso deigarria da. Igeldotarren borondate demokratikoa ez errespetatzea larria bada, gogoratu Eneko Goiak Donostiako Udalbatzarrean esandakoak. Orduan Itziar zen eredu. Itziarko «Auzo Udala» eta «alderdien kontsentsua» jarri zituen aitzakia, igeldotarren erabakia ez errespetatzeko. Zer eta orain, Debako Udalean biak betetzen dira: Auzo Udal proiektua alderdi guztiekin definitu eta zehaztu baita (EAJ barne). Eta hala ere EAJko ordezkariek aurka bozkatuko dutela aurreratu dute! Maiatzaren 25eko herri galdeketan gehiengoak Auzo Udalaren alde egitea espero dugu. Horretarako ari gara lanean. Egoera horretan, eta aurrekariak ikusirik, EAJk Auzo Udalaren proiektuaren kontra bozkatuko balu, demokraziaren kontrako makilakada, inkoherentzia politikoari eginiko monumentua litzateke. Horregatik dei egiten diogu Debako EAJri maiatzaren 25ean demokratikoki erabakitzen dutena errespetatzera.