GARA Euskal Herriko egunkaria
HARRI-JASOTZEA | Bizkaiko Txapelketa

Urruzunok arazorik gabe eutsi dio txapel preziatuari

Hasieratik bukaerara nagusitu da ondarroarra herrialdeko txapelketan, harri guztiekin jaun eta jabe izanik.


Urruzunok irabazi zuen atzo Ondarroan jokatu zen Bizkaiko Txapelketa. Bera zen aurretik ere txapelduna, eta ez zuen izan aparteko arazorik garaipena erdiesteko. Bigarren postuan amaitu zuen Urdax Magunazelaiak, eta garbi utzi zuen etorkizunean bera izan daitekeela kontuan hartu beharrekoa.

Hiru harri ezberdin erabili zituen kirolari bakoitzak. 113 kiloko zilindro kopa, pisu bereko kubikoa eta 100 kiloko bola izan zituen bakoitzak lanerako. Bakoitzarekin hiruna minutuko txandak izan zituzten.

Urruzuno harri guztiekin gailendu zen. Zilindro koparekin 32 jasoaldi lortu zituen, eta garbi utzi zuen ezeren okerrik ez zela txapela nora joango zen. Harri honekin Zelailuzek lortu zuen bigarren postua, 24 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean. Urpek lortu zuen hirugarren postua. Egungo Euskal Herriko Federazioko presidenteak 23 jasoaldi lortu zituen. Magunazelaiak bat gutxiago lortu zuen, eta azken postuan geratu zen aurreneko txanda honetan, nahiz eta gero hobetu egin zuen bere jarduna.

Bigarren harriarekin, kubikoarekin, alegia, berriro ere Urruzuno izan zen onena. Ondarroakoa etxean aritu zen, eta berriro ere onena izan zen. 18 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean kubikoa, eta hiru jasoaldiren aldea kendu zion harri honekin bigarren sailkatu zen Magunazelaiari. Urpek hirugarren postua lortu zuen 13 jasoaldirekin, eta laugarren Zelailuze sailkatu zen 10 jasoaldirekin.

Dena berdin

Azkeneko harriarekin ez zen ezer aldatu, dena berdin joan baitzen. Urruzuno izan zen onena bolarekin, harria 25 aldiz jaso baitzuen. Bigarren postuan berriro ere Magunazelaia sailkatu zen, harria 20 aldiz jasota, eta honekin sailkapen nagusiko bigarren postua ere segurtatu ahal izan zuen.

Hirugarren postuan berdinduta geratu ziren Urpe eta Zelailuze, bakoitzak 16 aldiz jaso baitzuen 100 kiloko bola. Aldiz, aurreko lanak kontuan hartuta, Urpek Zelailuzeren aurretik amaitu zuen. Dena bukatuta, garbi ikusi zen une honetan Bizkaian Urruzunok gainerako kirolariei kentzen dien aldea.

Giro bikaina izan da Ondarroako pilotalekuan

Herri kirolak indartsu daude, eta atzo hori argi eta garbi geratu zen Ondarroan, hantxe jokatu baitzen harri-jasotzeko Bizkaiko Txapelketa. Jende asko batu zen saioa ikustera; tartean Urruzuno herriko semea zen, eta, azkenean, gainera, txapeldun izan zen. Hala ere, bakoitzak bere zaleak eraman zituen, eta animazio handia izan zen harmailetan. Herri kiroletatik aparte bizi den jendeak bestelakorik uste badu ere, bertako kirolek indartsu jarraitzen dute, eta agian merezi dutena baino arreta gutxiago jasotzen dute leku askotan.