GARA Euskal Herriko egunkaria
Udate

Beñat Zamalloak eskuratu du Rikardo Arregi kazetaritza saria


Hiru izan dira, guztira aurten aurkeztutako 27 lanetatik, Rikardo Arregi sarien 26. edizioan saritutakoak. Sari nagusia Beñat Zamalloa kazetariak jaso zuen atzo Andoaingo Bastero kulturgunean egindako ekitaldian, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian hedabide ezberdinetan egindako jarraipenarengatik. «Berria» egunkarian, Bizkaia Irratian, Radio Vitorian eta Hamaika Telebistan egin zituen Zamalloak kronika, elkarrizketa eta saio bereziak.

Aretxabaletako kazetariak 9.000 euro eta Xabier Lakaren eskultura bat jaso zituen eta esker hitzak izan zituen, batez ere, lankide izan dituenentzat, baina baita bertsolari eta Bertsozale Elkarteko langileentzat ere.

Kazetari Berria izeneko atalean, Garikoitz Goikoetxearen lana nabarmendu zuen epaimahaiak, zehazki, «Berria» egunkarian Euskal Herriko biztanleriaren inguruan argitaratutako erreportaje sailarengatik. Lakaren eskultura eta 3.000 euro izan ziren bere saria.

Bestalde, aurten sari bat gehiago ematea erabaki du epaimahaiak. Eider Goenagak koordinatutako eta Berria.info atarian garatutako «GAL 30 urte» blogarentzat izan da sari berezi hori, eta zendu berri den Aitor Renteria Txato lankideari eskaini zion Goenagak.

Honi buruzko guztia: Udate