GARA Euskal Herriko egunkaria
Getxoko Jazz Jaialdia

Jazz estandarrak, udako soinu banda

Antzezle familia bateko alaba da Natalia Dicenta -Lola Herrera du ama-, antzerkian eskarmentua duena. «Jazz musikaz haurtzaroan maitemindua», berak herenegundamu aitortu eta asteazken gauez Getxon erakutsi zigunez, Euskal Herriko jazz jaialdien uda zabalduta.


«Jaiotzez dohain bat izatekotan, komunikatzeko gaitasuna da» ere adierazi zigun prentsaurrekoan, eta horretarako gaitasun guztiak erabilita ordubete eta hogei minutuan hamahiru kanta jota (jazz estandarrak gehienak), pozik utzi zuen saioaren ondoren ilara luzea egin zuen publikoa, artistaren sinadura lortzeko zain. Bihotz Alai plaza erditik hiru laurdenera beteta eta, entzuleria, ez oso gaztea, inor ez haserretzeko moduan esanda.

«Almost Like Being in Love» eta «The Way You Look Tonight» kantek eman zioten hasiera gauari. Lehena Gene Kelly antzezle zuen «Brigadoom» musikalean entzun daiteke, eta bigarrena Fred Astaire-ren ahotsean «Swing Time» filmean; Dicentak esana du behin baino gehiagotan Broadway-ko dantzariak txunditu egiten zuela txikitan.

Boskotea

Nat King Cole-k ezagun egindako «Funny» baladaren aurretik hiru hizkuntzatan aurkezpenak egin, eta atzean zuen musikari boskotea aurkeztu zigun madrildarrak. Israel Sandoval gitarran, Richie Ferrer kontrabaxuan, Antonio Calero baterian, Marcelo Peralta saxoan eta Vicente Borland pianoan; eskarmentu handikoak guztiak ere, eta Dicentaren estreinako lanean parte hartu izan dutenak, Reinier Elizarde Negron kontrabaxuan eta Santiago Reyes gitarran ordezkatu dituzten Ferrer eta Sandoval izan ezik. Jazz estandarrez gain («Fly Me to the Moon», esaterako), pop harribitxiz (The Beatles-en «Blackbird») eta boleroz (Jose Antonio Mendez-en «La gloria eres tú», Getxon gitarrista lagun zuela bikotean emana) osatzen da «Colours» lana, soinuz koloreanitza eta Dicentaren zuzenekoaren ardatz. Herenegun, diskoak gordetzen dituen hamabi kantuetatik hamaika jo zituen, «Alma con alma» kanpoan utzita.

«Just the Way Your Are» eta Satchmo tronpeta jotzailearen emazte Lil Hardin Armstrong-ek ondutako «Just for a Thrill» kanten ostean lehen aipatu dugun boleroa eta piano jotzailearekin bikotean Luis Demetrio-ren «Apóyate en mi alma» jo zituen -azken hau ez dago diskoan-, «boleroekin arimak hegan egiten» duela-eta. Kontzertuko unerik finenak begitandu zitzaizkigun -gaztelaniaz kantatuak eta askok ulertuko zituzten bakarrak, batez ere ingelesez aritu baitzen-, Cole Porter zenari bukaera aldera egin zioten omenaldi ederraz gain, «Anything Goes» musikaleko pasarteak dotore joz -«Colours»-en jaso ez dituztenak-.

Dicentaren diskoan Vicente Borlandek egin ditu konponketa eta ekoizpen lanak -telebistako «Lo tuyo es puro teatro» saioan ezagutu ei zuten elkar-, berea du kantak jazz soinuz janztearen ardura. Eta panamar pianista da zuzenekoan ere, kantaria dantzan eta publikoarekin kontu-kontari dabilen bitartean, taldearen ardatza. Aparte, aipatzekoa da Peraltak saxoan egindako lana.

Steve Wonder

Azken partean, diskoa ireki eta bere garaian Steve Wonderrek ezagun bilakatutako «For Once in My Life» baikorra eta Dicentaren debut lanak gordetzen duen kanta original bakarra ere jo zituzten, Vicente Borlanden beraren «Work it Out». Eta bukatzeko, aurkezpenik behar ez duen «Summertime» klasikoa -diskoan Jorge Pardoren laguntzarekin jotzen duena-; ohi baino erritmo (funk) azkarragoan joa, gure nahigaberako.

Nahiz eta erregistro zabalekoa eta oso «bersatil»-a ez izan, atsegina da Natalia Dicentaren ahotsa, ondo kantatzen du. Jakina da (eta bagenekien) jazz zale amorratua ez duela inolaz ere aseko, baina aproposa izan daiteke uda giroa freskatzearren jazzera hurbiltzen den noizbehinkako zale jakinguratsuak estandarrak entzun ditzan.

Bene-benetako jazz zaleek, beren aldetik, DeJohnette, Coltrane eta Garrison zituzten atzo zain Getxon.