GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA | Espainiako Txapelketa

Zuriñe Arruek borobildu ditu euskal selekzioko nesken emaitzak

Donostiarrak, jardun bikaina egin ondoren, Eskaladako Espainiako Txapelketa eskuratu zuen. Irati Anda hirugarren izan zen, eta Ane Mujika seigarren. Mutiletan, bi finalista izan ziren: Gorka Karapeto bosgarren sailkatu zen, eta Iñaki Arantzamendi zazpigarren.


Joan den ekainaren 28an, Euskal Mendizale Federazioak atondutako euskal selekzioak emaitza bikainak erdietsi zituen Eskaladako Espainiako Txapelketan. Aurreko ekitaldietan ez bezala, soilik seniorrek jardun zuten. Eta inolako zalantzarik gabe, neskek sinatu zituzten postuak azpimarratzekoak dira.

Lehenik eta behin, Zuriñe Arruek poltsikoratutako urrea aipatu behar dugu. Askok garaipen hori ezustekotzat hartu dute, baina gogoratu behar dugu Espainiako Koparen azken proba ere berak irabazi zuela. Donostiarraren garaipenaz gain, Irati Anda hirugarren postuaz jabetu zen, eta Ane Mujika seigarrenaz. Hitz gutxitan esanda, hiru ordezkari finalisten artean, eta zehatzago esaten badugu, hiru ordezkari lehen sei sailkatuen artean. Beraz, izenburuan aipatzen dugun bezala, euskal selekzioko neskek bikain jardun dute Espainiako Txapelketan.

Lehiaren kronikari dagokionez, bestalde, esan behar dugu Fedmek hitzordu hori Gijonera eraman zuela. Nahiz eta Gijon izan, antolatzaileek lehia kalera eraman eta hiriaren enparantza nagusian eskalada egitura altxatu zuten. Euriarengatik, lehia pare bat orduz atzeratu zuten. Eguraldia nahiko ezegonkorra izan bazen ere, euriak ez zituen ikusleak uxatu; izan ere, lehiakideak ikusi eta animatzera milaren bat bertaratu ziren.

Lehiakideei dagokienez, 15 neskak eta 27 mutilek eman zuten proba honetan parte hartzeko izena. Eta ekipatzaile lanetan, hiru euskal ordezkari izan ziren: Patxi Usobiaga, Carlos Garcia eta Patxi Arocena.

Arrue, indartsu

Nesken mailan, faboritoen artean Anda zegoen; hots, Espainiako Koparen irabazlea. Eilleen Jubes ere, iazko txapelketaren irabazlea, garaipenaren borrokan egotea espero zen. Baina Jubes lesio batetik dator, eta oraindik ez dago erabat sasoiko. Eta faborito horien artean muturra sartu zuena (eta ondo sartu ere) Arrue izan zen. Batzuek diote ustekabeko garaipena lortu zuela; izan daiteke, baina garaipen batekin aurkeztu zen azken hitzordu horretara.

Sailkapenaren bidean, Jubesek erakutsi zuen ondo baino hobeto lehiatzen dakiela. Katera iritsi zen lehiakide bakarra izan zen. Andak eta Arruek ez bezala, proposatutako marran zegoen pauso gogorrena gainditzea lortu zuen. Hiru lehiakide hauekin batera, finalera beste bost pasatu ziren; tartean, Mujika.

Final horretan, beraz, azken urteotako garaileak zeuden: Anda, Jubes, Andrea Cartas eta Helena Aleman. Hots, estatuko lehiakide indartsuenak. Baina finala beste kontu bat izan zen. Ekipatzaileek sortutako bidea gogorra zein zorrotza izan zen. Marraren giltza batez ere pauso batean zehaztu zuten. Oso helduleku «saltzaile» batetik tira egin behar zen, eta hori gainditzen lehena Arrue izan zen; laugarren zintzan zegoen pauso hori oso ondo irakurri zuen. Ondoren, Anda eta Jubes zetozen, eta hauek ere ezin izan zuten donostiarraren jarduna hobetu. Arrue katetik bospasei heldulekutara erori zen, baina bere lehiakideei alde handia atera zien. Garaipena, beraz, Arruerentzat, hirugarren postua Andarentzat eta seigarrena Mujikarentzat.

Mutilen mailan, berriz, Ramon Julianen beste «bakarrizketa» bat suertatu zen. Bost txapel ditu dagoeneko. Aise nagusitu zen, bi bideetan top egin baitzuen. Alabaina, bigarren sailkatua, Victor Esteller, irabazlearengandik gertu ibili zen. Batez ere finalean, katera heltzeko oso gutxi falta izan zitzaion.

Euskal ordezkariei dagokienez, bi finalean sartu ziren: Karapeto eta Arantzamendi. Finalean eginiko lana kontuan hartuta, bi lehiakide hauek podiumetik urrun geratu ziren. Azkenean, Karapeto bosgarrena izan zen, eta Arantzamendi seigarrena.

Zuriñe Arrue: «Nik ere uste dut azken bi garaipenak ezustekoak izan direla»

Espainiako Koparen azken proba irabazi zenuen, eta ezustekotzat hartu zen. Gainera, garaipen horri esker sailkapen nagusian bigarren geratu zinen. Orain, berriz, Espainiako Txapelketa irabazi duzu, eta berriro ezusteko hitza azaldu da. Zuretzat ere hala izan da?
Zalantzarik gabe, bai. Denboraldi osoa horrela izaten ari da. Podiumean sartzea ez hainbeste, baina bi lehia horiek irabaztea ezusteko handia izan da. Orain dela hiru urte zirkuitu horretan parte hartzen hasi nintzen. Hasieran finaletan sartzen nintzen, eta orain hor goian nago. Aurtengo lehen proban hirugarrena sailkatu nintzen, eta ohartu nintzen espezialista onenen pare jarri nintzela. Poz handia hartu, neure burua sendotu eta hurrengo probetan gehiago ematera animatu nintzen.
Euskal selekzioko hautatzaile Josean Mulas beti nirekin gogoratu da. Lehiak gustuko ditut, eta kontuan hartuta oso neska gutxi lehiatzen garela, bada hor buru-belarri ibiltzen naiz. Arrokan neska asko ikusten ditut, baina lehietan lau katu baino ez gaude. Ni beti saiatu naiz neskak animatzen. Gainera, taldean, euskal selekzioan, oso giro ederra izan dugu, eta horrek laguntzen du. Neskak, bederen, pozarren gaude eginiko lanarekin eta sinatutako emaitzekin. Soilik Ane podiumean azaltzea falta izan da.

Nahiz eta asko entrenatu, saio horiek ez dituzu lehietara gehiegi bideratzen. Eta, begira, zer-nolako emaitzak erdietsi dituzun!
Hala da. Joseanek beti animatzen nau, ziur asko ikusten duelako lehietarako gaitasuna dudala. Beti izan dut nolabaiteko presioa, baina orain arte uste dut neure buruarengan ez nuela gehiegi sinisten. Hasierako hitzorduetan urduri jartzen nintzen; eta orain, aldiz, askoz lasaiago jarduten dut. Bai, Espainiako Koparen azken bi probetan zein Espainiako Txapelketan ezberdina izan da.
Aitortu behar dut asko entrenatu eta gustuko dudala. Bai, ordu piloa sartzen dut, batez ere neguan. Negu osoa entrenatzen pasatzen dut. Baina helburua ez da lehiaketetan topera ibiltzea, baizik eta arrokan ondo jardutea.
Aurreratu dudan bezala, orain neure buruarengan gehiago sinistu beharko dut! Gertatzen da ere, nire izaerarengatik, protagonismoa ez dudala atsegin. Lotsati samarra naiz, eta nahiago dut oharkabean pasa. Baina, begira...

Koparen azken final hartan bide erraza jarri zizuten eta bospasei lehiakidek top egin zenuten. Denboragatik zuk irabazi zenuen. Txapelketaren finala, aldiz, askoz ere zorrotzagoa izan zen.
Azken final horrekin askoz ere gusturago geratu naiz. Zalantzarik gabe, funts gehiagoko garaipena izan da. Katetik bospasei pausora geratu nintzen, eta nire lehiakideei alde handia atera nien. Nire estiloko bidea zen: erori pixka bat zuena, teknikoa... Oso ondo eskalatu nuen, eta asko gozatu ere!

Azken garaipen horrek irailean Gijonen jokatuko den Munduko Txapelketarako txartela emango zizun, ezta?
Bai. Eta, horretaz gain, uztailean Chamonixen izango den Munduko Koparen hitzorduan izango naiz. Hitzordu horiek pixka bat prestatuko ditut, baina ez gehiegi, jakin badakidalako nazioarteko lehia horietan zer-nolako maila dagoen. Pozik nago, eta gozatzera joango naiz, oinak lurrean baititut!
Aitortuko dizut orain arte nazioarteko lehiak ez nituela ia jarraitzen. Inoiz ez dut neure burua lehia horietan ikusi, eta orain lehiatzea egokitu zait!

Aitortu behar dizut Fedmeren lehia ezberdinetan egundoko denboraldia egiten ari zarela: zailtasunekoetan, kopan bigarren eta garaipena txapelketan; blokeko kopan momentuz laugarren; eta rallyetan Andoni Ormazabalekin batera mistokoan lehenak eta orokorrean aurrean.
Nik ere hala uste dut. Blokeko lehiak asko gustatzen zaizkit. Iaz txapelketan hartu nuen parte, eta aurten Joseani kopan aritzeko eskatu nion. Zailtasunekoekin alderatuta asko gozatzen dut, askoz ere gehiago eskalatzen duzulako. Badakizu... lehien formatu kontua da.
Rallyetan, berriz, Antton Zabalak probatzera animatu ninduen, eta, azkenean, Andonirekin lehiatzen ari naiz. Beste eskarmentu bat da. Nik orain arte hormatzarretan oso-oso gutxi eskalatu dut. Andoni eta biok gustura gaude eginiko lanarekin.A.A.