2014 UZT. 13 GUTUNAK Joseba Egibar eta Igeldo J.I. Galparsoro Arruabarrena Itxas Aurreko kidea Gasteizko Legebiltzarrean, autodeterminazioaren aldeko eztabaidaren ondoren, EAJko bozeramailea den Joseba Egibar jaunak honelako adierazpenak egin zituen, hitzez hitz, Euskadi Irratian: «Garbi dagoena da, pertsonen artean bezala, herrien artean elkarbizitza ezin dela inposatu. Herri batek esaten badu, beti gehiengo baten eskutik, nik neure etorkizuna eraiki nahi dut eta izango gara auzokide, errespetatu gaitezen, nik uste dut hori dela bidea eta konstituzioak edo legediak egokitu behar du borondate politiko horretara eta ez alderantziz». Aldez aurretik esango dizut guztiz onartzen ditudala adierazpen horiek. Badakit, herri honetan adostasunerako bide bakarra elkarrizketa dela, behin eta berriro, beraz, esaguzu mesedez, zure adierazpenetatik zer den Igeldori ez dagokiguna, zer den guretzat aplikagarria ez dena. Zergatik inposatu nahi diguzue auzokide dugun Donostiarekiko elkarbizitza? Azken hogei urteetan, lau aldiz adierazi dugu gehiengo nagusi batez (1994, 1995, 2008 eta 2013ean) gure etorkizuna eraiki eta gure udalerria osatu nahi dugula. Beraz, gure gehiengoak ez du berdin balio? Gure kasuan legedia eta borondate politikoa bat datozenez, zergatik saiatzen zarete behin eta berriro gure bidea oztopatzen? Guk ez dugu erabakitzeko eskubiderik? Guretzako ez dago demokraziarik? Zer motatako interesak daude hemen jokoan? Zertan bereizten dira zuen Igeldorekiko jarrerak, eta Rajoy jaunak edo PPk berak Euskal Herriarekin dutenak?