GARA Euskal Herriko egunkaria
Frantziako Tourra

Erdi beteta


Gauzak, segun eta nola ikusten diren, hau da, ikusten dituenak zein pespektibarekin begiratu eta aztertzen dituen, edo azterketa egiteko orduan daukan umorearen arabera, beltza eta zuriaren artean beste zerbait dagoela ere ikus daiteke. Orain arte, gure taldeak, Trek-ek, ez ditu Tour honetara ekarri genituen helburuak bete. Lehena etaparen bat irabaztea zen, batez ere harbidekoa, baina Fabianek ez zuen bere egunik onena izan. Eta bestea gure liderrak sailkapeneko aurreneko 10 postuetan sartzea zen. Momentuz, bai Haimar bai Frank lehen 25en barruan egon arren, aurreneko 10etatik urrun daude, baina egoerari buelta emateko moralez ekingo diogu Tour honetako bigarren zatiari.

Uztailaren 14an, bigarren urtez jarraian, Frantziako egun nazionalean, egokitu zitzaidan ihesaldian joatea, eta Tour honetako etapa gogorrenetariko hura bukatu eta gero, guztiz nekatuta iritsi nintzen hotelera. Nola diren kontuak, urteetako tradizioari jarraituz, atseden egunaren bezperan jan ohi ditugun hanburgesak eta patata frijituak jan ondoren, taldekide guztiak, nire lagun Narruk esan ohi duen bezala, «txoitik urtenda» geunden, eta azken 10 egun hauetan sufritu duguna guztiz ahaztua genuen.

Arraroa egingo zaizuen arren, Kim, gure sukaldariak, hanburgesak eta patatak eta postrerako nutellazko krepak egin ohi dizkigu morala igo beharra dagoen itzulietako bi egun hauetan. Okela erosi eta berak egiten ditu hanburgesak. Baita ogia ere, eta patatak... patatek ez dute barkamenik, guztiz radiaktiboak dira bai, baina ze gustora jaten ditugun?

Eta ez dakit Lourdesen mirariak egiten jarraitzen duten ala ez, baina behin bakoitzak pare bat hanburgesa jan eta orangina batzuk edan eta gero, morala tope dagoela tontakeriak esan eta txantxa eta barreak hasten dira gure mahaian. Horren ostean, bapo lo egin, iratzargailurik gabe esnatu. Lasai, egunkariak irakurriaz gosaldu eta 45 km-ko bueltatxo bat bizikletan. Gero siesta txiki bat, eta ginda bezala nire lagun eta masajista Txopiren masaje potente bat. Horrela baliteke, ezta?

Egia da, momentuz emaitzak ez direla superrak izan, eta akaso atzoko tripakadak eragindako ondorio bat dela, baina datozen etapa eta asteei begira edalontzia erdi beteta ikusten dut. Baikor nago, nahiz eta 6 txirrindulari ditugun; bai taldea bai neroni zeresana emateko gai izango gara. Eta deskuiduan, edalontziak zulotxoren bat badu eta erdi hutsik geratzen bada, euskal zaleak eta ikurrinak Pirinioetan ikusteak jasoko digu berriz ere morala. Horrela ba, gainezka ez dagoen arren erdi beteta ikusten den edalontziarekin topa egitea espero duen honek agurtzen zaituzte, hurren arte.