GARA Euskal Herriko egunkaria

«Asteburu Laranja» antolatu dute irailean epaiketa politikoei ezetz esateko


Donibane, Egia, Txantrea, Ugao, Antzin, Sestao, Antsoain, Arrotxapea, Barañain, Gasteiz, Portugalete, Astigarraga, Erromo, Donostia, Burlata, Elgoibar, Santutxu, Atarrabia, Galdakao, Zeberio eta, besteak beste, Bergarako asanbladetako ordezkariak «esanguratsua eta erreferentea» den Donostiako Bulebarrean agerraldia egin zuten atzo, datorren irailaren 12 eta 14 artean «Asteburu Laranja» antolatzen ari direla iragartzeko. Hain zuzen, irailaren 22an Auzitegi Nazionalean 28 gazte independentista epaituko dituzte eta hori salatzeko egingo dute ekimen hau. Salbuespenezko auzitegian egingo den epaiketa ez dutela zilegitzat jotzen adierazi zuten, «are gutxiago, 40 gazteen absoluzioaren ondoren» gehituta.

«Auzipetuen lagunak gara batzuk, herrikideak besteak, eta gutako beste askok ez ditugu pertsona hauek ezagutu ere egiten, baina salbuespen politiken kontra gaude, salbuespen epaitegiak ez ditugu onartzen, eta eskubide zibil eta politikoen alde lan egin nahi dugu. Horrek batzen gaitu; konpromisoak, elkartasunak, emozioek, libre izan nahiak, kolore laranjak...», adierazi zuten.

Bakoitzaren errealitatetik abiatuta, herri ezberdinetan burutu diren edo burutzeko dauden epaiketen aurrean herritarren babesa biltzea da deitzaileen asmoa, «ideologia konkretuen gainetik, militantzia politikoa eskubide bezala ulertu eta hau gauzatzeko zilegitasuna defendatzea helburu dugularik».

Aldarrikapena zabaldu eta herritarren babesa adierazteko, dei egin diote herritar orori, deialdiari jarraiki, kolore laranja ikur izanik, sortzen ari diren olatu laranjan parte hartzeko.

«Datorren ikasturtean erronka potolo honi erantzun behar diogula uste dugu, gure herrietan, Auzitegi Nazionala indargabetzeko eskaera handitu eta gazte hauek beraien jardunagatik epaituak eta kondenatuak izan ez daitezen. Horretarako konpromisoa hartzen dugu gaur hemen» berretsi zuten, Bulebarrean.