GARA Euskal Herriko egunkaria
SEGA | Nazioarteko erako finala

Esnaola eta Etxaburua buru direla jokatuko da azken jardunaldia


Nazioarteko erako Euskal Herriko finala jokatuko da bihar, 11.30etik aurrera Azpeitian, Ikasberri Ikastolako belardietan. Horrekin, akabo aurtengoz, baina aurretik txapelak banatu beharko dituzte.

Emakumezkoetan gauzak nahikoa bideratuta daude; izan ere, Alatzne Etxaburuak irabazi ditu orain arteko saioak eta txapela ia segurtatuta dauka. Orain arte bera gainerakoen gainetik agertu da, eta ez Almitza Elkarteak antolatzen duen txapelketan bakarrik, Gipuzkoako nazioarteko erako finala ere berak irabazi baitzuen.

Mutiletan gauzak estuago ageri dira, nahiz eta Igor Esnaola izango den faborito nagusia. Legorretakoak irabazi zuen azkeneko jardunaldia, eta Altzok, berriz, aurrenekoa. Zaldibiako segalari beteranoa ere lan bikaina egiten ari da eta oso kontuan hartu beharko da. Bixente Mitxelena edo Jexuxmari Goenaga ere hor inguruan dabiltza, eta emozioa azkeneko unera arte izango da, nahiz eta Esnaola den faboritoa.

Gazteenetan, berriz, Otegi dabil sailkapenaren aurrealdean, eta hark ere lehen postu horri eutsi nahiko dio azken jardunaldi honetan, txapela buruan duela amaitu ahal izateko.

Belardia oso leku onean dago, Loiolako etorbidean baitago. Azpeititik bertatik oinez joateko ere primerako lekua da. Belarra, berriz, oso ona dago, antza, eta, azken egun honetan trumoi erasoren bat edo gertatzen ez baldin bada, lanerako oso baldintza onetan arituko dira segalariak. Eguraldia lagun, jendeak erantzun bikaina emango du.