GARA Euskal Herriko egunkaria
SEGA | Nazioarteko erako Euskal Herriko finala

Esnaolak eta Etxaburuak oraingoan ere ez dute hutsik egin

Gazte mailakoan Otegik bereganatu du txapela, nahiz eta azken jardunaldia bigarren amaitu.


Ez zen ezusterik izan, eta Igor Esnaolak eta Alatzne Etxaburuak irabazi zituzten atzo gizonezkoen eta emakumezkoen nazioarteko erako Euskal Herriko txapelak. Hauekin batera, Otegik bereganatu zuen gazte mailakoa, nahiz eta azken honek ezin izan zuen azkeneko jardunaldian irabazi.

Azpeitian jokatu zen, Ikasberri ikastolako belardian, azkeneko jardunaldi hau, eta lanerako primerako giroa egin zuen. Zaleek ere erantzun ona eman zuten, eta belarra, aurrez iragarrita zegoen bezalaxe, oso ona zen denentzat.

Emakumezkoetan ez zen ezusterik izan. Alatzne Etxaburua ia txapela buruan zuela iritsi zen azkeneko jardunaldira, eta hor ere ez zuen hutsik egin, berak irabazi baitzuen. Bigarren postuan Ainhoa Galarraga izan zen; Etxaburuak baino hamalau segundo gehiago behar izan zituen, eta horrekin bigarren postua ere segurtatu ahal izan zuen. Egunean, Otamendik lortu zuen hirugarren postua, baina ez zion amaierako podiumean sartzeko balio izan.

Mutiletan ez zen lehen postuan ezusterik izan. Esnaola gailendu zen, eta horrekin txapela ere segurtatu zuen, jokatu diren hiru saioetatik bi irabazi baititu. Ezustea bigarren postuan egon zen, Artzelusek lortu baitzuen postu hori. Jexuxmari Goneagak eskuratu zuen eguneko hirugarren postua.

Betiko erako Euskal Herrikoa prest dago

Datorren ostegunean jokatuko da Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko belardietan Euskal Herriko Txapelketako betiko erako kanporaketa, 11.30ean hasita. Esnaola, Garaialde, Merkader, Pardo, Lizaso, Irazustabarrena, Kanflanka eta Gabirondo II.a, Joxeren iloba, arituko dira.

Gaztetxoek ere izan dute euren saioa

Atzo Azpeitian gaztetxoek ere izan zuten euren saioa, 12 urtez azpiko neska eta mutilak aritu baitziren lanean, eta etorkizunean zeresana eman dezaketela ere erakutsi zuten. Oraingoz kirol honekin gozatzen hasi dira, eta hori pauso garrantzitsua da umeentzat.