GARA Euskal Herriko egunkaria
SEGA | Euskal Herriko Txapelketa

Faborito guztiak izango dira Leitzako final handian

Esnaola, Lizaso, Kanflanka eta Garaialde abuztuaren 10eko saioan izango dira.


Ez zen ezusterik izan, eta faborito guztiak sartu ziren abuztuaren 10ean Leitzan jokatuko den Euskal Herriko finalean. Han izango dira Esnaola, Garaialde, Lizaso eta Kanflanka, horiek lortu baitzuten atzo Aian jokatu zen kanporaketan aurrera egiteko baimena. Gipuzkoako finala ia errepikatu egingo da. Merkaderren ordez oraingoan Garaialde sartu da, baina gainerakoan berberak izango dira lanean.

Jende asko batu zen Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko belardietan kanporaketa ikustera. Belarra ere primerakoa zen, eta ikuskizuna ere horrelakoxea izan zen. Bi multzotan banatuta aritu ziren segalariak lanean, eta bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako.

Lehenengo txandan Esnaola, Garaialde, Merkader eta Pardo lehiatu ziren. Garbi zegoen, zerbait gertatu ezean, Esnaola finalean izango zela. Beste hiruren artean zegoen bigarren posturako txartela; hori zen hasi aurretik uste zena, eta horixe bera izan zen gertatu zena ere.

Hasieratik hartu zuen aurrea Igor Esnaolak. Legorretakoa nagusi zen sailetan eta belarra nola mozten ari zen ikusita, garbi zegoen norentzat izango zen lehen postu hori.

Bigarrenerako lehia handia ikusten zen, eta gauzak ez zeuden garbi, nahiz eta zaleek Garaialderen aldeko joera hartu zuten. Gauza bat da ustea, eta bestea, gero kiloek esaten dutena, askotan gauzak aldatzen baitira, baina atzo ez zen horrela izan. Hala ere, bigarren postu horretarako borroka handia izan zen; hiru segalarien artean 65 kiloko tartea bakarrik egon zen, eta hor argi ikusi zen hiruretako edozeinek izan zuela finalean sartzeko aukera. Esnaolak, aldiz, ia 300 kiloko aldea kendu zion bigarren sailkatu zen Garaialde gazteari.

Bigarren multzoan ere hasi aurretik garbi zegoen Lizasok finalean izan behar zuela, eta horrelaxe gertatu zen, nahiz eta ez zuen alde handirik lortu. 109 kilo kendu zizkion hirugarren sailkatu zen Gabirondo II.ari. Hala ere, estuagoa izan zen bigarren sailkatu zen Kanflankaren eta Gabirondo II.aren artean egon zen lehia; izan ere, azkenean leitzarrak 31 kiloko aldea bakarrik atera baitzion Joxe Gabirondoren ilobari, eta amaieran nafarrak lortu zuen sailkatzea.

Irazustabarrena gazteak amaitu zuen multzoan azkena, eta berak moztu zituen atzoko saioko kilorik gutxien, baina oraindik oso gaztea da, eta sega munduan lehendabiziko urtea du. Gaia badauka, eta ikasteko denbora ere bai. Atzo ere garbi geratu zen, Esnaola eta Lizaso kenduta, gainerako segalarien artean oso alde txikia dagoela, eta hori ez da txarra, jendeak emozioa eta berdintasuna nahi izaten baititu. Atzo hori soberan izan zuten. Bestalde, zaleak atzo ere protagonista izan ziren, bikain erantzun eta ugari bildu baitziren Aian.

Segalari gehiagoren falta igartzen da

Garbi dago segalari gehiagoren beharra sumatzen dela. Atzo Aian jokatu zen Euskal Herriko kanporaketan, orain dela hilabete eta erdi jokatu zen Gipuzkoako kanporaketan aritu ziren segalari berak aritu ziren. Hori gipuzkoarrentzat ez dago gaizki, baina bai gainerako herrialdeentzat. Zazpi gipuzkoar eta nafar bat lehiatu ziren. Kanflanka da Gipuzkoakoa ez den segalari bakarra, eta Euskal Herrikoa bakarrik jokatuta ez geratzeko, Gipuzkoako Txapelketan ere parte hartu behar izan zuen, bere herrialdean ez baitago gehiago, Bizkaia kenduta gainerako herrialdeetan ez dagoen bezalaxe. Bizkaian ikusiko da txapelketarik egiten den.

J.L.