2014 ABU. 01 UDATE BETE | Merenderoak Upoko-Makatza GARA Upoko Makatza ingurua mendi ibilaldia egiten ari direnentzat atseden hartzeko leku paregabea da. Upo mendia eta Gorbeiako mendigunea batzen dituen mendixkan kokatuta dago. Zabaleran ez da eremu handia atsedenleku hau. Inguratzen duen egurrezko itxiturak biribil forma ematen dio. Inguruan dauden zuhaitzei esker, haizetik oso babestua dago eta, atsedenlekuan bertan dauden haritz garaiek ematen duten gerizpea dela-eta, lekua aproposa da oso, bertan egonalditxo bat egiteko. Egun pasa joateko aukera ere eskaintzen du, ordea, eremu honek; besteak beste, mahaiak eta erretegiak badirelako, bai eta ur fresko-freskoa edateko edota bertan freskatzeko iturri bat ere. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren ardurapean dagoen inguru honetatik kanpo, pistako kartel batek Gorbeiako Natur Parkearen hasiera adierazten du eta, beraz, atsedenleku hau parkearen sarbidea da. Horregatik bertatik mendizale asko igaro ohi dira. Upoko Makatzetik gertu, koniferen itzal itxiaren azpian, eguraldi txarra egiten duenean erabil dezakegun estalgune bat ere bada. Nola ailegatu Arratiako haranean, Artea eta Zeanuri lotzen dituen herri errepidean (N-240 paraleloan) Areatza aurkituko dugu. Areatzako frontoiaren ondotik Upoasteako amildegira doan baso-bide batetik 3 kilometrora Upoko Makatza mendi-lepora heldu eta bertan atsedenlekua dago. Datuak Mahaiak eta bankuak daude, bai eta iturri bat, zakarrontziak eta jatekoa egiteko erretegiak ere. Akaso, gustagarriena, ordea, inguruan dauden zuhaitzek eskaintzen duten itzal sendoa da. TXIKIA. Egurrezko itxitura batek biltzen du atsedenlekua eta hark ematen dio biribil forma. Bertan lau bat harrizko mahai daude.