GARA Euskal Herriko egunkaria
Sega | Euskal Herriko finala

Esnaola bestelako erritmoan dabil

Legorretakoak 300 kilotik gorako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Lizasori, eta denboraldi bikain bati amaiera ederra eman zion.


Igor Esnaolak lortu zuen atzo Leitzan jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa, eta Legorretakoak hala ikaragarrizko denboraldiari amaiera eman zion. Berak, aurten betiko eran Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelak lortu ditu. Nazioarteko eran, Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen Gipuzkoako txapela lortu zuen, eta Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Liga ere bereganatu du.

Giro aparta izan zen atzo Leitzako finalean. 700 ikusle inguru batu ziren neurketa zuzenean ikustera. Belarrak, berriz, ez zuen inolako aitzakiarik izan. Ostiralean izan zen ekaitzak une batzuetan apur bat nahastu zuen belardia, baina orokorrean ez zeukan inolako aitzakiarik.

Aurretik esana zuten Igor Esnaolak gorantz egin duela azkenaldian, eta horixe erakutsi zuen Legorretakoak atzo, sekulako erakustaldia eman baitzuen. Hasieratik hartu zuen aurrea sailetan, eta inori ez zion aukerarik eman, une honetan gainerakoak baino puntu bat gorago dagoela erakutsiz.

Txapela beraren eta Juanjoxe Lizasoren artean geratu zela aurreikusten zen, baina Esnaolak oso azkar hartu zuen aurrea; hiru edo lau mailako aldea lortu zuen, eta garbi zuten denek txapela nora joango zen. Era honetan belarrak pisatu egin behar izaten dira gero, eta hor batzuetan gauzak aldatzen dira, baina berak belarra nola ebaki zuen ikusita, garbi zegoen zeinek irabaziko zuen. Ez zuen hutsik egin, 300 kilotik gorako aldea atera baitzion Lizasori eta, horrenbestez, merezitako txapela jantzi zuen legorretarrak.

Emozioa bigarren posturako izan zen. Lizasok berea egin zuen, baina Kanflankak sekulako lana egin zuen. Leitzarra bere zaleen aurrean aritu zen, eta horrek indar handia eman zion. Izan ere, ikaragarrizko lana egin zuen, eta oso gertu izan zuen bigarren postu hori. Amaieran Lizasoren eta Kanflankaren artean 32 kiloko aldea besterik ez zen egon, eta emozioak gainezka egin zuen. Hala ere, Lizasok eskuratu zuen bigarren postua, eta leitzarrak, nahiz eta etxean aritu eta oso lan ona egin, hirugarren amaitu zuen.

Garaialdek, berriz, zaila zeukan azkeneko postu horretatik ihes egitea, eta amaieran laugarren postu horrekin konformatu behar izan zuen, gainerakoetatik nahiko aparte geratuta, gainera. Bere aurreneko helburua finalean sartzea zen eta hori lortu zuenez, nahiko gustura geratu zen. Atzokoarekin, mutilek amaitu dute aurtengo denboraldia, eta hemendik bi astera nesken Euskal Herrikoa jokatuko da.

Esnaola: «Segan gustura aritu naiz, eta ikaragarri gozatu dut saio osoan»

Igor Esnaola pozez zoratzen zegoen atzo lortu zuten garaipenarekin. «Oso gustura nago. Ongi hasi naiz, eta tartean betekada bat izan dut, baina horretatik ongi libratu naiz, eta saio osoan zehar asko gozatu dut», esan zuen finalaren ostean.

Sailetan abantaila izateak ere lasaitasuna eman ziola onartu zuen. «Sailetan aurretik ikusten nintzen, eta beti aurretik ikusitakoan lasaiago eta poz handiagoarekin aritzen zara. Aurrez esan bezala, asko gozatu dut gaurko saioarekin», aitortu zuen.

Belarrari dagokionez, ez zuen inolako aitzakiarik izan. «Ostiralean bota zuen ekaitzak apur bat nahastu zuen, baina behetik oso fresko zegoen, eta horrek gauzak erraztu ditu. Okerragoa izango zen, lehorra egon izan balitz», esan zuen. Orain trontzari ekingo dio, Euskal Herrikoan arituko baita. J.L.