2014 ABU. 13 Rajanek «adiskidekeriazko kapitalismoak» garapena trabatzen duela salatu du Indiako Erreserba Bankuko buru Raghuram Rajanek salatu du «politikari ustelen eta finantza eta ekonomia eliteen adiskidekeriak» arriskuan jartzen duela suspertzen ari diren herrialdeetako hazkuntza. Ekonomialari ezagunak mundu mailako beste finantza krisi bat iragarri du. GARA Suspertzen ari diren herrialdeentzat «adiskidekeriazko kapitalismoa» traba izugarria dela salatu du, Mumbain, Raghuram Rajan Indiako Erreserba Bankuko (RBI) gobernadoreak. «Politikari ustelen eta finantza eta ekonomia esparruko eliteen trikimailuzko jokamoldea» garapen bidean diren herrialdeentzat «arrisku nagusietakoa» da, haren esanetan, «oligarkiak sortu eta hazkuntza geldotzen duelako». Indiako hiriburu ekonomiko eta finantzarioan atzo eskainitako hitzaldian, «gardentasuna eta lehiakortasuna itoz, adiskidekeriazko kapitalismoak enpresa askatasuna eta hazkuntza ekonomikoa kaltetzen» dituela nabarmendu zuen. Are, «interes orokorra interes pribatuekin ordezkatuz, adierazpen demokratikoa bera oztopatzen» duela ere gaineratu zuen. Rajanek uste du adiskidekeria eta mezu populistak trebetasun handiz uztartzen dituzten politikariek herritarrak liluratu ez ditzaten, Indiak zerbitzu publikoak bultzatu behar dituela ezinbestean, batez ere ehunka milioi pertsona txirorengana zuzendutakoak. Adierazpenok Narendra Modi Indiako gobernuburuak herritarrei «garai hobeak» etorriko direla agindu dienean egin ditu Rajanek. Beste krisi baten atarian Ez da Nazioarteko Diru Funtseko ekonomialaria izandakoak ezohiko adierazpenak egiten dituen lehen aldia. 2008ko krisi ekonomikoa baino hiru urte lehenago gertatuko zela iragarri zuen bakanetakoa izan zenak, orain egun gutxi, berriro finantza mailako alimaleko krisi baten arrisku gorriaz ohartarazi zuen «Central Banking Journal»-ek egindako elkarrizketan. Adituaren esanetan, «aktiboen prezioen igoera neurrigabeak beste crash baten aukerak biderkatzen ditu, eta hori munduak kostuei eusteko gaitasun eskasena duen unean gertatzen ari da, gainera». Finantza esparruko krisiak aurreikusten «zailago» direla adierazi du: «Arriskuak gora eta gora joaten dira muturren aurrean lehertu arte». Herrialde garatuen banku zentralek dirua txertatu eta gero likidezia erretiratuz sortzen duten desoreka salatu du Rajanek eta, gainera, inbertsoreek «joko bat» bezala hartzea. «Operazioak egiten dituzte denak batera merkatutik erretiratzen hasiko balira zer gerta daitekeen jakitun diren arren. Horrek aldakortasun handia eragingo luke. Egia da, era iraunkorrean halako jokamoldeak desegiteko era aurkituko bagenu, hori ez litzateke gertatuko. Baina hori uste izatea askotxo da» gehitu du. HAZKUNTZA. Indiako hazkuntza %5etik beherakoa izan da azken bi urteotan. Urtero lan merkatura iristen diren milioika pertsona artatzeko, 2000ko hamarkadan izan zuen mailako hazkuntza izan beharko luke (%8 eta %9 artean).