2014 ABU. 18 Teahupoo: Pipelineko tuboa gainditu zuen Tahitiko urautsi madarikatua Teahupook ibilbide motza du, baina bere izena hizki larriz idatziko da surfaren historian; izan ere, gaindiezina zirudien Pipeline Banzai Hawaiiko olatu mitikoak baino tubo lodiagoak sorrarazten ditu, eta ondorioz, mundu osoko surflarien begirunea lortu du urautsi horrek. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Azken urteetan, olatu beldurgarri bezain eder honetan ateratako milaka irudi ikusi ahal izan ditugu, eta agian, argazkietako surflarien maisutasunari esker, ez dirudi hartzeko olatu oso zaila denik, baina, egiaz, munduko olatu zailenetako bat da. Teahupoo «Txo-po» ahoskatzen da. Tahitiko bi sumendi txikienekin batera, irlaren hego-mendebaldean dago urautsi ikaragarri hau. Aste honetan jokatzen da WCT zirkuitua osatzen duten 11 txapelketatik zazpigarren proba Tahiti irlako Tehaupoo olatu famatuan. Polinesia frantsesa osatzen duten irletatik handiena da Tahiti. 1842an ofizialki Frantzia izatera igaro zen eta frantses kolonia da orduz geroztik. Horrela, bi hizkuntza dira ofizialak, bertakoa eta frantsesa. Tahitira surf egitera joateko sasoi onena apirila eta iraila bitartea da, orduan izaten baitira itsaski onenak. Urautsia kostaldetik urrun dago, horregatik ikusten dira urautsiaren ondoan hainbeste ontzi. Eremu labur batean sekulako sakonera hartzen du itsasoak Teahupooko urautsian. Lurretik itsasora, metro bateko sakonera izatetik sei metroko sakonera izatera pasatzen da (olatua jazotzen den eremua). Eta jarraian, sei metroko sakoneratik 45 metroko sakonera izatera iragaten da ia kolpe batez. Kontrako zentzuan, olatua itsas zabalean izatetik metro gutxitako sakonerara iragaten da, eta ondorioz sekulako indarrarekin altxatzen da olatua. Horregatik ez du ia maldarik olatuak atzealdean. Aurrealdean, berriz, azpialdeko ur guztia zurrupatzen du eta horrek tubo erraldoiak sorrarazten ditu. Edozein marearekin egin daiteke surfean. Itsaskien eta haizeen norabideek urautsian eragin nabarmena dute. Ez da edonork surf egiteko leku bat. Thierry Vernaudon surflari tahitiarraren esanetan, bera izan zen Teahupoon surf egiten lehena. 1985. urtean izan zen, Thierry bertako beste zenbait surflarirekin urautsira gerturatu eta surf egiten aritu zen. Ez ziren olatu handiak hartzen aritu, baina lehen urratsa eginda, urrezko ate bat ireki zen. 1986an, Mike Stewart eta Ben Severson bodyboard zale profesionalak izan ziren Teahupoon eta hamar urtez ia bakarrik aritu ziren bodyboard zaleak. 1996ko uztailean atera zituzten olatu hartako lehen irudiak argitara. Mike Stewart agertzen zen argazkietan, olatu munstroak jaisten. Garai hartan, olatu hura surf taula batekin hartzeko zailegia zela uste zuten, baina pixkanaka surflari batzuk surf egiten ere hasi ziren eta ezinezkoa zirudiena ohiko bilakatu zen. 1997. urtean WQS txapelketa bat egin behar zuten, baina itsaski handiegia izan zen eta bertan behera utzi zuten saialdia. 1998an, ordea, sekulako oihartzuna izan zuen Gotcha Tahiti Pro lehiaketak, sekulako tubo festa izan baitzen. Hurrengo urterako txapelketa hura WCT zirkuituan sartu zuten eta, horrela, 1999. urtean, munduko surflari ezagunenak Tahitiko arrezife esanguratsuenean bildu ziren. Lehiakide askok ez zuen olatu hura ezagutzeko batere gogorik; izan ere, beste surflari batzuei entzundako istorio beldurgarriak egiazkoak ziren; olatu hura Pipeline baina astunagoa zen. Urautsi ondoko ubidea argazkilari eta erreportariz jositako txalupekin bete zen eta han hartutako irudiek munduari buelta eman zioten. Mark Occhilupo australiarrak irabazi zuen txapelketa hura, baita urte hartako munduko titulua ere. 2000. urteko txapelketa ezbehar batekin hasi zen. Briece Taerea bertako surflariak bizia galdu baitzuen egun gutxi batzuk lehenago Teahupoon surf egiten ari zela. Antza, olatu bat azpitik pasatzen ari zela aparrak arrezifearen kontra bota eta kolpearen ondorioz bi egun egin zituen koma egoeran hil aurretik. Urte hartan Kelly Slater izan zen irabazlea. 2000. urteko abuztuaren 17an sekulako itsaskia izan zen Polinesia frantseseko itsasbazterrean. Egun hartan, parean zuen uhartea irensteko zetorren mustro erraldoi bat zirudien Teahupooko olatuak, baina horrek ez zuen Laird Hamilton hawaiiarra kikildu. Uretako motor baten laguntzaz ordura arte inork inoiz hartutako olaturik beldurgarriena hartu zuen. Azken urteetan itsaski handi bat izan den bakoitzean mundu osoko olatu handietako surflariak gerturatu dira Tahitira. Esaterako, 2005. urtean, sekulako olatutzarra hartu zuen Manoa Drollet tahitiarrak. Adituen esanetan, ordura arteko handiena. 2011. urtean berriz ere izugarrizko itsaskia izan zen Tahitin, «Code Red Swel» deitu zuten, eta besteak beste, Bruce Irons, Nathan Fletcher eta Laurie Towner surflariek sekulako irudiak lortu zituzten «tow-in» bidez hartutako olatuetan tubo beldurgarriak egiten. 2013ko maiatzaren 15ean istripu arriskutsua izan zuen Benjamin Sanchis, Sancho, Hossegorreko surflariak olatu munstro batean erori ostean. Konortea galduta erreskatatu zuten. Aurten ikaragarrizko itsaskia izan daitekeela iragarri dute txapelketako antolatzaileek. Gauzak horrela, datozen egunetan ikuskizun ederra izan daiteke Teahupoon; merezi du, beraz, adi egotea.