GARA Euskal Herriko egunkaria
Udate

Ipuinak ez dira udarako


Udako festen sasoiarekin arte eszenikoetako emanaldiak herri gehienetara heltzen dira, jaien egitarauan txertaturik. Herri txikietan, batez ere, hori izan ohi da antzerki edo dantza espektakulu bat ikusteko aukera ia bakarra. Herri handietan eta hiriburuetan ere ohiko arte eszenikoen egitarauetatik kanpo antolatzen dira, kultur ekitaldiak aisialdiarekin normalean baino gehiago lotzen direlarik. Tira, festen aitzakiarekin behintzat jende askok urtean gutxienez antzerki lan bat ikusteko parada hartzen du. Arte eszenikoak esan dugu, baina, herriko festen aitzakian antolatzen al dira kontaketa saioak? Festetan edo udako hainbat ekitaldiren barruan izaten dira, baina haurrei zuzenduta gehienetan; izan ere, arrunt zaila izango baitzaigu udako egitarauetan helduentzako kontaketa ikuskari bat topatzea. Zergatik, ordea?

Nago kontalaritza ikasturte barnean eskaintzen den zerbait dela. Ikastetxeen eta liburutegien eskaintzen barruan kokatu ohi da nagusiki; eta udan, batzuk itxita eta besteak erritmoa motelduta daudenez, ba kontaketa saioak ere erritmo berean dabiltza. Badirudi kontalaritzak berez ez duela balio handirik, baldin eta ez bada lotzen ikaste prozesuarekin edo irakurketa sustatzearekin. Ez da ikusten arte eszeniko soil gisa. Okerrago izaten da haurrak udako arratsaldea zerbaitetan eman dezaten antolatzen denean, zerbait alai, sinpatiko eta polit gisa.

Behin, Oiartzungo festetako ordu txikietan, txosna bateko barrara helduta nengoelarik, bikote gazte elkartu berri batek eskatu zidan maitasun ipuin batzuk konta niezazkien. Ezin ukatu. Uda batean eskaini dudan kontaketa saiorik ederrena.

Honi buruzko guztia: Udate