2014 ABU. 20 Udate Jean-Christophe Rufinek irabazi du Pierre Loti saria, «Immortelle Randonnée» liburuarekin Urtero Hendaiako Herriko Etxeak ematen duen Pierre Loti saria aurten Jean-Christophe Rufin idazle ezagunak irabazi du. «Immortelle Randonnée» liburuarekin. Hitzaldia emango du gaur Abbadia jauregian. Idoia ERASO HENDAIA Idazle ezagun izateaz gain, mediku, diplomazialari eta Frantses Akademiako kide ere bada aurtengo Pierre Loti saria irabazi duen Jean-Christophe Rufin. «Immortelle Randonnée, Compostelle malgré moi» liburuarengatik jaso du saria. Donejakue bidea egitean gertatutako aurkikuntzak, trukaketa eta pasadizioak kontatzen ditu, umoreari toki handia utziz, eta bere buruari buruz barre eginez. Lehiaketan parte hartzeko 27 lan izan ziren hautatuak, Rufinena barne. Guerin argitaletxeak igorri zuen azken argitalpena. Bere azken liburua da oraingoz Donejakue bidekoa, baina laster bere beste idatzi bat izango dugula hitzeman du artistak. Gainera ez da nolanahikoa izango, Rufinek Hendaiari eta Euskal Herriari buruzko eleberri labur bat idatziko baitu. Ekimen hau hiriko Ulysse liburu-dendako Domain andereak eta Serge Blanco thalasoterapiak abian ezarri dute, eta aurreko urteetako irabazleen idazlanekin batera Pierre Loti bilduma osatzen ari dira. Hendaiakoa ez da idazle gisara Rufinek irabazi duen lehen aitorpena, izan ere Goncourt sari ezaguna bi aldiz eskuratu du. Lehen aldia «L'Abyssin» eleberriarekin 1997. urtean eta bigarrena «Rouge Brésil» lanarekin 2001ean. Azken eleberri honengatik Itsas Akademiako sari nagusia ere eskuratu zuen urte horretan. Mintzaldiak Pierre Loti saria eman diotela baliatuta Rufinek Hendaian astebete iragango du. Lapurdiko hiriko egonaldian zehar hainbat hitzordu ere finkatu dituzte Herriko Etxeko arduradunek. Irakurle eta jarraitzaileek bi aukera izango dituzte hurrengo egunetan idazlearekin egoteko. Gaurbertan Abbadia jauregian bere liburua aurkeztuko du. Sarrera urririk baldin bada ere erreserbatzea komeni da, tokia mugatua baita. Ostiralean berarekin mintzatzeko eta bere liburuak sinarazteko parada izango dute jarraitzaileek. Itsas etorbidean kokatzen den Ulysse liburu-dendan izango da 18.00etatik 20.00etara.