2014 ABU. 25 Sega Alatzne Etxaburuak eutsi egin dio txapelari J.L. Alatzne Etxaburak lortu zuen atzo Aian jokatu zen emakumezkoen Euskal Herriko txapela. 200 ikusle inguru batu ziren finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Segalari bakoitzak hogei minutu izan zituen lanerako, eta 100 metroko seina sail ere bai belarra ebakitzeko. Etxaburua zen atzora arteko txapelduna, eta beste urtebetean ere horrelaxe izaten jarraituko du. Zizurkildarrak Igor Esnaola eta Gabirondo izan zituen laguntzen, eta Astondoak, berriz, Mitxelena eta bere aita izan zituen alboan. Bi segalariek, beraz, eskarmentu handiko laguntzaileak izan zituzten. Hasieratik ikusi zen aurretik Etxaburua, eta berehala hartu zuen sailetan abantaila, eta horrelaxe joan ziren saioan zehar. Hogei minutu ez da saio luzea, baina bai bizi-bizi egin beharrekoa, eta amaierarako nekea ere sumatzen joan ziren segalariak. Hogei minutuak bete, eta epaileak amaierako txistua jo zuenean, Alatzne Etxaburua laugarren saila amaitzen ari zen, eta Astondoak, berriz, laugarrena hasita besterik ez zeukan. Segalariek euren lana amaituta, biltzaileen txanda zen. Batzuetan izaten dira ezusteak, izan ere, kiloak behar izaten baitira, baina sailetan zegoen aldea ikusita, eta belarra nola ebaki zuten ikusita, nahiko garbi zegoen garaipena zeinek eramango zuen, eta horrelaxe izan zen, belarra bildutakoan ikusi baitzen Etxaburuak lortu zuela txapela. Aizkora Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldia jokatu zen ostiralean Bilbon, eta bertan Aitzol Atutxak mendean hartu zuen Jon Rekondo. Saioa nahiko orekatua izan zen azkeneko bi lanetara iritsi arte, baina hor erabaki zuen lehia Bizkaiko txapeldunak. Kolpekako lana irabazi egin zuen Jon Rekondok, baina bigarren lanean Atutxak horri buelta eman zion erlojuz kontrako saioan. Enborra zutik jarritako saioan nafarrak aldea apur bat murriztu egin zuen. 60 ontzakoarekin berriro handitu egin zuen Atutxa gazteak. Bi lan falta ziren dena amaitzeko, eta zutik eta etzanda jarritako enborretan tartea handitu egin zuen bizkaitarrak, baina errematea iraupen proban etorri zen. 20.16 izan zen Atutxaren amaierako denbora, eta 22.10 Rekondorena.