2014 IRA. 11 Biharamuna Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Atseden eguna beharrezkoa izan da. Gorputzak baino gehiago buruak eskertu du hainbeste eguneko erritmo nekagarria aldatu eta atseden pixka bat hartzea. Hala ere, parrandan gertatzen den antzera, eguna patxadan pasatu arren, biharamuneko ajea ez da badaezpadakoa izaten. Atseden egunetan ez dugu gehiegi entrenatzen. Asko ez ibiltze horrek, apur bat bada ere, giharrek tonua galtzea eta glukogenoz betetzea dakar, eta, ondorioz, sarritan, biharamuneko etaparen hasieran sentsazio oso txarrak izaten ditugu. Egoera hori ekiditeko, entrenamendu serioxeagoa egin beharko litzateke eta atseden eguneko jana apur bat kontrolatu, baina, hala egingo bagenu, ez litzateke atseden eguna izango, ezta? Badira atseden egunean bizikleta ukitu ere egiten ez dutenak, edo alboko terrazaren batera gerturatu, kafe bat hartu eta ordubete inguruko buelta egiten dutenak. Beste muturrean, aldiz, autoaren atzean jarri eta 70 kilometrotik gora entrenatzen dutenak daude. Goizez eta arratsaldez pedalei eragiten dietenak ere ezagutzen ditut. Nekea errekuperatuz baina gorputza guztiz nagitu gabe oreka aurkitu behar dela uste dut nik. Buruak ezer ez egiteko esaten du, baina gorputzak eguneroko errutina hori guztiz aldatzerik ez du nahi izaten, eta bien arteko borroka horretan erdibidea aurkitzea izaten da zaila. Nik bien bitarteko lana egin nuen atseden egunean. Taldekide batzuek hondartzako terraza batean geratu ziren bitartean, 50 kilometro egin nituen bizi xamar, biharamuneko ajea handiegia izan ez zedin. Biharamun oso pisutsuak eduki izan ditut atseden eguna lasai samar hartu izan dudanetan, eta ez nuen halakorik errepikatzerik nahi. Gaur [atzo], irteera neutralizatuan emandako lehen pedalkadetan igarri dut sentsazioak ez zirela egunerokoak, beraz, banderatxo gorria jaitsi bezain laster lehen erasora irtetea erabaki dut. Jarraian eraso festa ikaragarria egon da eta hor ibili gara saltsan, baina aurten ez nabil zorioneko ihesaldietan sartzerako orduan. Hori bai, taldekide Lluis dabil inspiratuta horretan eta gaur ere [atzo] bera izan dugu protagonista. Etapa gorabeheratsua izan da Galiziako kostaldean zehar eta esprinterren taldeek abiadura bizian eraman gaituzte ihesaldia harrapatu eta beraien helburua betetzeko. Nagiak uxatu zaizkigu eguneko 200 kilometro eta zenbatu ezineko igoera motz piloaren ondoren. Munduko Txapelketaren bezperatan gaude, eta etapak izan du haren antz apur bat ere. Sailkapenaren aurrealde horretan ikusi ditugunak, Ponferradan ere hor izan daitezkeela uste dut. Degenkolb, Mathews, Cancellara... hasi izenak apuntatzen Tropela egiteko!