GARA Euskal Herriko egunkaria
62 EDICIÓN DE ZINEMALDIA

«Murieron por encima de sus posibilidades»: Sistema aldatu bai, baina ez hainbeste

Lehiaketaz kanpo aurkeztu du Isaki Lacuestak «Murieron por encima de sus posibilidades» lana. Ironia eta satira darabiltza zuzendari kataluniarrak egungo krisi ekonomikoari egindako keinuan.


Eroetxe batean sortutako planetik abiatzen da sistema kapitalistaren aurkako «sasi-erreboluzioa». Protagonista bakoitzak krisialdi ekonomikoak eragindako bizipenak ditu atzean. Heriotza banaren erantzule izateagatik ingresatu dituzte «iraultzaile» horiek psikiatrikoan. Egoerarik absurdoenetatik abiatuta garatzen du Isaki Lacuestak lehiaketaz kanpo aurkeztutako komedia satiriko eroa. Panda hartzez mozorrotuta, Banku Zentraleko zuzendaria bahitzea izango da beraien planaren helburua, behin eroetxetik ihes eginda. Sistema kapitalista aldatu nahiko dute; aldatu baino, «reseteatu» egin nahiko dute.

«Urgentziazko film bat da», adierazi zuen 2011n «Los pasos dobles» filmarekin Urrezko Maskorra lortu zuen zuzendariak. «Egungo Espainiaren irudia da, eta azkar egin beharreko pelikula zen». «Erokeria leku guztietan dago. Espainia irudikatzeko eroetxe bat baino hoberik ez dago. Edozein egunkari edo albistegitan agertzen diren berriak gure pelikulakoak baino eroagoak dira», azaldu zuen.

Bere iritziz, gainera, «Murieron por encima de sus posibilidades» gaurkotasuna irabazten ari den lana da. «Mende bat edo bi barru, bere publiko naturala aurkitu du», esan zuen barre artean. «Espainia itxura negargarria duen herrialdea da eta berari buruz hitz egiteko modu bakarra zentzugabekeria da», arrazoitu zuen.

Lacuestak ez zuen diru-laguntza ofizialik jaso, ez eta telebista kateen babeslik izan. «Era kooperatiboan» egindako filma dela agertu zuen emanaldiaren ondorengo prentsaurrekoan. Zenbait jenderen artean dirua jarri eta bi urtetan zehar filmatu zuen atzo Zinemaldian aurkeztutako lana.

Aktore gehienek ere musutruk egin zuten lan, eta azpimarratzekoa da filmeko parte hartzaile kopuru handia. Dozena bat aktore baino gehiago dago: Albert Pla, Raul Arevalo, Imanol Arias, Jose Coronado, Carmen Machi, Sergi Lopez, Jose Sacristan, Barbara Lennie, Angela Molina, Emma Suarez, Luis Tosar, Ariadna Gil...

Albert Plarekin batera idatzitako gidoia izan da honakoa eta bere musika ere badu. Bera da filmeko bereizgarrietako bat. Bi urtetan osatu du lana.