2014 IRA. 29 KIROL ESKALADA | Hitzordu nagusia Mikel Linazisoro bikain Munduko Txapelketan Maiorak eta Egeak txapela jantzi dute Hilaren 19tik 23ra Kaledonia Berrian jokatutako lehiaketan, Bergarako eskalatzaile gaztea zortzigarren postuan sailkatu zen Youth B kategorian. Guztira, 70 herrialdetako 1.000 lehiakidek hartu zuten parte. Andoni ARABAOALAZA Eskaladako Munduko Txapelketa, gazteen mailan, Kaledonia Berrian jokatu da hilaren 19tik 23ra. Festa handia izan zen; izan ere, 70 herrialdetako 1.000 lehiakide inguruk hartu zuten parte. Eta horien artean euskal lehiakide bat izan zen: Mikel Linazisoro. Euskal selekzioa oraindik ofiziala ez denez, 14 urteko bergararra FEDMEren izenean lehiatu zen. Eta nola lehiatu ere! Youth B kategorian gogor borrokatu zen, 14 eta 15 urteko kideekin batera. Hori bai, aipatu behar da japoniar batek eta Linazisorok izan ezik, gainerako lehiakideek 15 urte zituztela. Lasai asko esan dezakegu gipuzkoarrak parte-hartze oso-oso ona izan duela. Lortutako emaitzari begiratu behar diogu soilik: finalean sartu eta zortzigarren postuan sailkatu zen. Oro har, lehiatu den fase guztietan maila handia eman du. Sailkapeneko bi bideetan ondo baino hobeto jardun zuen, eta finalerdietara igaro zen. Azken lehia horretan, lehen bi sailkatuez aparte, Linazisorok gainerakoekin berdindu zuen, eta zortzigarrena izan zen. Beraz, finalerako txartela eskuratu zuen. Postu horregatik finalean lehiatzen lehena izan zen, eta, azkenean, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Oso urte ona Esan dugu bergararra euskal lehiakide bakarra zela, baina gaineratu behar dugu beste euskal ordezkari bat ere izan zela: Irati Anda. Gasteiztarra FEDMEren selekzioko gazteen mailako hautatzailea da. Andak GARAri adierazi dioenez, Linazisorok maila handia eman zuen: «Sailkapen fase ezberdinetan bikain lehiatu zen, eta finalean ez zuen akats potolorik egin. Oso indartsu dago. Lehen sailkatuengandik hurbil geratu da; hiruzpalau mugimendura. Jakina, hobeto lehiatu zitekeen, baina kontuan hartu behar da Munduko Txapelketan lehen aldia zuela. Oso emaitza ona izan du, eta oraindik gehiago eman dezake. Nazioarteko lehietan eskarmentu pixka bat gehiago behar du, batez ere lehiaketetan eskalatzen den bideetan. Euskal Herrian prestatzen direnek ez dute nazioartekoekin zerikusirik. Eta horrek erritmoan eragina du. Euskal Herrian zein Estatu espainoleko lehietan ez du parekorik, eta bere benetako maila nazioartekoetan du». Hori guztia esanda, FEDMEko hautatzaileak uste du eskalatzaile gazteak Top 10 zerrendan bere tokia duela: «Finalisten artean alde txikia izan da. Gero, jakina, kontuan hartu behar dira lehia egun horretako sentsazioak, urduritasuna... Nazioarteko lehietan urte biribila izan du: zailtasuneko zein Bulderreko munduko txapelketetan zortzigarrena izan da. Bi espezialitateetan bikain jardun du. Oso motibatua dabil. Eta, gainera, oso baikorra da. Hobetu nahi du, eta oso zentratuta dago. Finean, asko gozatzen ari da eskaladarekin». ESKALADA. Kaledonia Berrian jokatutako Eskaladako Munduko Txapelketan, Mikel Linazisoro finalera pasa eta zortzigarren postuan sailkatu zen.