GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Irigoienek dirua bere alde izango du Izetaren aurkako apustuan


Ikusmin handia dago gaur, 18.00etan, Azpeitiko zezen-plazan Aimar Irigoienek eta Izeta IV.ak jokatuko duten apustua ikusteko. Oraingoz, gainera, Aimar Irigoienek bere alde izango du dirua.

Izetak 137,5 kiloko harri kubikoa erabiliko du, eta Aimar Irigoienek, berriz, 152 kiloko kubikoa. Bakoitzak 10 minutuko hiru txanda egin beharko ditu, eta banaka arituko dira lanean. Alde bakoitzak 8.000 euro jokatuko ditu. Berdinketa kasuan, aurretik lanean aritu denak eramango luke garaipena.

Adituek, ordea, zalantza gehiago agertzen dituzte. «Egia esan, gauzak ez ditut horren garbi ikusten. Nire ustez, Aimarrek abantaila handiegia eman dio Izetari. Uste dut lan ona egingo dutela biek», esan zuen atzo Euskadi Irratian Zelai harri-jasotzaile ohiak.

Bizkaitarraren iritziz, Aimarrek Goenatxoren marka haustea zaila ikusten du. «Goenatxok sekulako marka dauka egina. Berak 96 jasoaldi dauzka lortuta, eta orain jendeak 100dik gora ikusten ditu. Niri ez zaizkit kontuak ateratzen. Marka hori gainditzen badu, ikaragarria izango da, txapela kentzeko modukoa. Pentsatzen dut apustua ikusgarria izango dela», esan zuen bizkaitarrak.