2014 AZA. 09 ZORROZTARRIA Jenioa faltan! Julen MURGOITIO Argi eta garbi. Batere zalantza izpirik ez honetan. Bai, gure hegoan den Estatu zer hori gure ekialdean den Katalunia aurre-estatuari egiten ari zaiona bullyinga da, liburukoa izan ere. Patioan diren katalanei beldurra muinetaraino sartzeko moduko eraso, jazarpen, larderia... baina alferrik! Berandu dabiltza oso hegoan, boomerang efektua zer den behintzat ulertzeko parada izango bide dute han. Beheko itsuen eremu horretan ez dute gaur gauekoa ikusteko kataloxarik beharko. Hor konpost! Bai, gaur ekialdetik dator notizia, herri bat izan dela jenioz bizia... kosta ahala kosta jakin izan dute hango lagunek zezen larru transgenikoari tarrat egiten, kostaldean bezala barnealdean ere, berdin. Tarrat! Eta hemen, mendebalde honetan, barrera atzetik hango plazara begira, ikusle, ikasle, jenioz bizitzeko inbidia sanoaz, hangoa hemen noiz-nola jakiteko dudaz. Tira, harira! Kontraesan asko eta askotarikoak dira gaurko munduan, hurbilekoan eta urrunekoan asko izan ere, nahasian, baina une eta leku zehatz bakoitzean horietariko bat gailentzen zaie besteei, eta nago ni gaurko igande honetan eta ekialde horretan hauxe dela: kapitala! Bai, gure hegoan den Estatuaren kapitala, eta bertan den Kongresua bera, dira behingoz gainditu beharreko kontraesana. Katalunian argi dute: kanpoko kongresu baten aurrean barruko asanblada, Assemblea Nacional Catalana. Ara és l´hora. Gu momentuz konformatu egiten gara aldarrikapenak eramaten ahora. Jenioa faltan! Atera kontuak! Kutxabank arrotzen esku utzi aurretik atera ere! Ez, demontre, beste gauza bat esan nahi nuke orain. Atera kontuak, hain da handia Katalunian metatuz joan den presioa non han nahiko espazio izan ez eta Euskal Herri lasai honetara etorri diren presio-eltzeak egitera! Baina hau kolpea, etxeko-tresnen lantegi bat era berrituan abian jarri eta hortik gertuko beste bat ixteko bidean utzi. Bestelako kapitala kontraesan, honetan! Gaur, bihar eta etzi ere kontraesan, hemen eta han! Euskal Herri lasaia esan dut? Bai zera, biolentzia nonahi. Horra lehengoan gotzain emeritu bati kale zabalean gertatua; norbait esku zimelean musua emateko hurbildu, makurtu eta hara! ziztu bizian atera zen, haginen artekoan eraztuna eta guztiz. Oraintxe jakin dut nik zer den hau: musu-truk!