GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zintzo eta leialak


Egina da. Bozkatu dute. Hamahiru erregio estatuaren osatzeko, Parisek erabakitzen duenari men egiteko. Gainera estatu honek gero eta zor handiagoa duenez, erregioek finantzamendua aurkitu beharko dute, noski arlo sozialari erantzuteko, bereziki hau handitzen ari delarik, gobernuaren politika ekonomikoak ez baitu emaitza baikorrik ekartzen, ez eta langabezia txikitzen ere.

Ipar Euskal Herria ikusten dugu orain arte baino handiagoa den Akitania, Limousin, Poitou-Charentes eremuan itoa. Gure hiru herrialdeek erregioko hautetsien belarrietaraino heltzeko arazoak baldin bazituzten, afera ez da hobetuko! Politikarien iritzien gainetik pasatuz, gure geroaren trenkatzen dela denentzat gero eta argiagoa da. Gelditzen zaiguna da gure inguruan, gure norabidean eragitea.

Horrela, jakin dugu Seaskako kolegioak departamenduko hoberenetan daudela, sailkapen orokor baten arabera, hezkuntza geroaren zutabe gisa begiratzea, gure herriaren eraikitzeko oinarria bada. Ama ikastolatik abiatuz, Ziburuko ikastolatik ere, euskal hezkuntzak lan bikaina egiten du, eraso guztien gainetik.

Pariseko epaitegira zortzi oren, Madrilgo Auzitegi Nazionalera bost oren, autoz. Egun hauetan bi hiri hauetan, konponbideari bizkarra ematen dioten bi hirietan, bi auzi zeuden. Parisen aditu asko entzun behar izan dituzte, aditu asko ekartzen baitira salbuespen epaitegi horietara, alegia zuzentasunean epaitzen dituztela euskal militanteak. Alta, denek dakite erabakiak hartuak direla, gobernuak ez baitu mugimendu izpirik egiten. Esperantzak genituen? Bai, esperantza beti izaten baita. Baina ez da esperantzaren garaia, alderantziz bulego guztietan tratutan, hauteskundeak prestatzen ari baitira. Madrilgo ANk eskaintzen duen gidoia, espektakuluak karikaturaren itxura du, justiziaren karikatura. Han, 28 pertsona epaitzen ari dira batera, alegia delitu bera toki desberdinetan, elkarte desberdinekin loturik. Dena bat eta hogei lekuko egun berean, bata bertzearen ondotik, hiru galdera eta ospa. Itzulpena? Negargarria, itzultzailea nongoa zen ez dut jakin nahi, baina oposizioetan ez zuten maila hoberena zuena hautatu, zalantzarik gabe. Asteak joan, asteak etorri eta dena utzi eta hara joan behar, bizi pertsonala eta profesionala auzi baten menpe. Handik ez da justiziarik etorriko. Epaitegi horiek abertzaleen epaitzeko baitira. Gure esku gutxi dago baina argi dugu, Parisen zein Madrilen epaituak direnak euskal abertzale zintzo eta leialak direla. Garai zail honetan toki gogorrenetan daudenak.