2014 AZA. 25 Lau eta Erdiko Txapelketa Saralegi jokatzeko prest da Atzo Iruñean egindako proban ezkerrez errestatzeko gai izan zen eta larunbatean jokatuko duela esan zuen. Jon ORMAZABAL Orain bi aste pasa Tolosan gertatu ez bezala, Ekaitz Saralegik gustura amaitu zuen atzo Labriten egindako proba, eta larunbatean Aimar Olaizolaren aurka finalerdia jokatzeko moduan egongo dela adierazi zuen, nahiz eta ondo dakien ez dela bere onenean izango. Aurrekoan bezala, Mikel Olaetxea izan zuen laguntzaile Amezketakoak eta Ruben Belokiren begiradapean egindako probaren ostean, jokatzeko erabakia hartu zuen. Denbora eta atsedena izan ohi da halako lesioak sendatzeko modurik eraginkorrena eta partidarik jokatu gabeko hiru aste hauek -azaroaren 2an jokatu zuen Xalaren aurka Eibarren- primeran etorri zaizkio Saralegiri. Hala, hilaren 13an Tolosan egindako azken ahaleginean probatzeko medikuak infiltratuta ere jokatzeko moduan egon ez bazen, atzo nahikoa izan zuen hatzean babes bat Mikel Olaetxeak egindako sakeak ezkerrez erantzuteko. Izan ere, horixe izan zen Beotibarren egindako entrenamenduan Irujoren aurka ez jokatzera bultzatu zuen arrazoia; minak eraginda, besoak atzera egiten zuen pilota jo behar zuen bakoitzean. Atzo, gauzak oso bestela joan ziren. «Entrenamendu txiki bat egin dut eta nahiz eta nahi bezala aritzerik izan ez dudan, behintzat nahiko ondo ibili naiz, ezkerrarekin errestatu ere bai nahiko ondo eta azkenean gauza horixe zen, behar bezala errestatzea eta jokaldi batzuk egin eta kantxan gutxienez gustura sentitzea», azaldu zuen. Gainera, larunbatera arte, beste bost egun baditu amezketarrak eta, printzipioz, ez luke arazorik izan behar jokatu ahal izateko. «Nik uste dut jokatzeko moduan nagoela, ez nago %100ean baina espero dut hemendik larunbatera hobetzea», gaineratu zuen Saralegik. Aukeraketa, bihar Bihar bertan itzuli beharko du Labritera, 11.30ean jarri baitute Aimar Olaizolaren aurka jokatu behar duen finalerdirako material aukeraketa. Gero jokatu ez zuen Irujoren aurkako partidarako pilotak eskuinez bakarrik hautatu zituen, baina pentsatzekoa da bihar bi eskuetan jantziko dituela takoak. Larunbaterako jaialdi polita prestatu dute enpresek Iruñean, Lau eta Erdiko finalerdia baino lehenago bi binakako partida programatu baitituzte. Horietariko bigarrenean, Promozio mailako Lau eta Erdiko txapela irabazi berri duen Iñaki Artolak estelar handi baten moduko lehia izango du, Albisu atzelari duela, Xala-Barriolaren aurka jokatuko baitu. Abendu amaieran hasiko den Binakako txapelketara begira, proba garrantzitsua da alegiarrarentzat. Berasaluze. Berrizeko aurrelaria igandean itzuliko da kantxetara -sanmateotatik ez du jokatu- oineko lesioa gainditu ostean. Lizarran programatu du Asegarcek, Beroiz lagun duela, Bengoetxea VI.aren eta Beginoren aurka.