2014 ABEN. 08 Aizkora Kañamares eta Jauregi ezin hobeto hasi dira J.L. Julen Kañamaresek eta Arkaitz Jauregik irabazi zuten Binakako Urrezko Aizkorako lehen jardunaldia, Juanjo Lopez eta Mieltxo Mindegia mendean hartuta. Beti edo gehienetan gertatzen den moduan, irabazleek azkeneko proban, iraupeneko lanean, erabaki zuten saioa. Kana-erdiko enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen hasierako lana, eta hor lortu zuten lehen garaipena Kañamaresek eta Jauregik, 59 kolpetan bota baitzuten enborra, aurkariei bateko aldea aterata. Bigarren lanean, ordea, Miel Mindegiaren semerik gazteenak eta Lopezek aurka zuten aldeari buelta eman, eta aurretik jarri ziren. Erlojuaren kontrako lanean bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta hiru minutu behar izan zituzten euren lanak amaitzeko. 22 segundoko aldea lortu zuten eta aurretik jarri ziren horrela. Hirugarren lanean, alde hori handitu egin zuten. Kana-erdiko bat zutik jarrita ebaki behar izan zuten eta Lopezek eta Mindegiak bi minutu eta erdi behar izan zituzten lana burutzeko. Beste zortzi segundoko aldea lortu zuten, aldea minutu erdira pasatzeko. Laugarren proban, 60 ontzakoa izan zuten aurrean, eta oraingo honetan Kañamaresek eta Jauregik irabazi zuten. Lana bi minutu eta bost segundoan bukatu, eta aurkariei 19 segundo atera zizkieten. Baina atzetik jarraitzen zuten, aldea bederatzi segundora jaistea lortu zuten arren. Bosgarren lanean, bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta Mindegia eta Lopez izan ziren onenak, beraien lanak 3 minutu eta 32 segundoan amaituz. 17 segundoko abantaila lortu zuten. Lan baten faltan Lopezek eta Mindegiak 26 segundoko aldea zuten. Azkeneko ekinaldian sei kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta hor ez zen kolorerik egon, Kañamaresek eta Jauregik oso erraz irabazi zuten. 12 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta 14 minutu eta 10 segundo Lopezek eta Mindegiak. Lan guztiak burutzeko, 25 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten Kañamaresek eta Jauregik, eta 26 minutu eta 38 segundo behar izan zituzten Juanjo Lopezek eta Mieltxo Mindegiak. Buruz buruko txapeldunen Ligako Kopan, berriz, Jon Rekondok jantzi zuen txapela, saio bikaina eginez. Bigarren postuan amaitu zuen Aitzol Atutxak, eta hirugarrengoan, berriz, Ander Erasunek amaitu zuen. Hirurek ere lan ederra egin zuten.