2014 ABEN. 15 Tow-in surf Andrew Cottonen erorketa arriskutsua Portugalen Surflari britainiarra hogei metroko olatu batean erori zen Nazareko urautsian. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Andrew Cotton surflari britainiarrak erorketa arriskutsua izan zuen pasa den abenduaren 7an Portugalen. Hogei metroko altuera zuen olatu bat hartu zuen uretako moto baten laguntzarekin, eta, olatua jaitsi zuenean, aparrak irentsi egin zuen. Praia do Norteko Nazare urautsian gertatu zen. 35 urteko surflariak ur azalera ateratzea lortu zuenean, gainera, bigaren olatu erraldoi bat etorri zitzaion gainera eta berriz ere itsasoak irentsi zuen. Laugarren olatuaren ostean kide batek handik atera ahal izan zuen. Honela kontatu du gertatutakoa Cottonek berak: «Hasieran besoa hautsi izan banu bezala sentitu nuen, min handia nuen-eta. Baina okerragoa ere izan zitekeen, nahiz eta hamabost segundo bakarrik egin nituen ur azpian. Senak gorantz igeri eginarazten dizu, baina horixe da hain justu egin behar ez dena. Zure burua eramaten utzi behar duzu, ahalik eta indar gutxien galdu eta arnasari eutsi. Guztia buruko ariketa bat da. Mundu guztiak iraun ditzake minutu batzuk ur azpian, baina lasai egoten jakin behar da, eta gai zarela sinetsi». «Izua nagusitzen bada bihotza azkartu egiten da eta oxigeno gehiago behar du. Nik nire buruari hitz egiten diot, `lasai, dena ongi joango da', esaten diot. Halako egoerei aurre egiteko prestatuta egon behar da. Horrela ez bada, prest ez bazaude, orduan uretan ere ez zenuke egon beharko».